ELAk mobilizazio eta greba dinamikak bultzatzearen alde lanean jarraituko du Hezkuntza Legearen edukiak baldintzatu eta hobetzeko

2022/03/21
Hezkuntzaren sektorean greba egiteko aukera lantzen jarraituko du ELAk, Hezkuntza Legearen edukia baldintzatu eta hobetzeko. Izan ere, orain arte sindikatuak aztertu ahal izan dituen testuen arabera, oinarri horiek ez dira nahikoak: ez ditu gai nagusiak jorratzen, hala nola, euskal kurrikulumaren eta marko arautzailearen defentsa, lan baldintzen erregulazioa, hobekuntza eta homogeneizazioa, edota finantzaketa egokia. Gainera, oraindik ere zehaztasun falta handia dago ELArentzat funtsezkoak diren beste hainbat elementuetan.

Martxoaren 25erako deitutako grebari begira batasun sindikalaren haustura ikusita, deialdia bertan behera geratu da, nahiz eta ELA saiatu den datarekiko alternatibak bilatzen.
ELAk, orain arte ezagututako testuari buruzko ikuspegi kritikoa oinarri, lan sindikalarekin jarraituko du euskal hezkuntza sistemak behar dituen eraldaketa eta hobekuntzak lortzeko. Bide horretan, sindikatuak uste du mobilizazioa ezinbesteko baliabidea izango dela.