AZAROAK 11. GREBA OROKORRA

ELAk Nafarroako Gobernuari eta bere bazkideei exijitzen die etxebizitzarako % 1,6 duen aurrekontua ez onartzea

2026/10/30
ELAk Nafarroako Gobernuari eta bere bazkideei exijitzen die etxebizitzarako % 1,6 duen aurrekontua ez onartzea
ELAk greba egingo du Gobernuari eta udalei eskatzeko beren eskumenak erabil ditzatela enpresek etxebizitzak erostea debekatzeko; funts putreak desjabetzeko; alokairuko parke publikoa handitzeko; eta bankuen monopolio-gehiegikeriarekin amaituko duen banku publiko bat sortzeko.

ELAk Hego Euskal Herriko etxebizitza-krisiari buruzko txosten bat aurkeztu du (IRAKURRI HEMEN). Txosten horretan, egungo higiezinen ereduak pobrezia eta desberdintasuna nola sortzen dituen aztertzen da, politika publikoak nahikoak ez direla salatzen da eta espekulazioarekin amaitzeko eta etxebizitzarako eskubidea bermatzeko neurriak planteatzen dira.

Etxebizitza gizarte-desberdintasunaren sortzaile gisa
Alokairuak urtero ehunka milioi euro transferitzen ditu errenta baxuetatik altuetara. Txostenaren arabera, EAEn eta Nafarroan 1.338 milioi euro ordaintzen dira urtean alokairuetan, eta horietatik diru-sarrera gutxien dituen biztanleriaren % 40k faktura horren % 62 hartzen du bere gain, eta % 20 aberatsenak errentamenduek sortutako diru-sarrera guztien % 55 jasotzen du.Datuok erakusten dute alokairua aberastasuna transferitzeko bitarteko bihurtu dela: gutxien dutenek jabetza gehien dutenen poltsikoak betetzen dituzte.
 
Beste negozio biribil bat hipotekak dira. Nafarroan, ohiko hipoteka bat duenak bankuei, batez beste, 67.000 euro ordaintzen die interesetan. Halaber, gero eta enpresa eta funts gehiago ari dira gure auzoetan etxebizitzak eskuratzen. Nafarroan, alokairuko parkearen % 30 jabe handien esku dago, eta jabe handien 10 etxebizitzetatik 8 inbertsio-funtsetakoak eta funts putreetakoak dira.  

Etxebizitza da biztanleriaren pobretze-faktore nagusietako bat. Pobrezia-arriskuaren tasa % 17,1etik % 25,7ra igarotzen da etxebizitza ordaindu ondoren, eta alokairua ordaintzen dutenen kasuan, berriz, % 41etik % 68ra igotzen da. Zentzu horretan, etxebizitzen prezioak soldaten bikoitza hazi dira. 2015etik, erosketa-prezioa % 63 igo da Nafarroan, eta soldatak, berriz, % 32.
Etxebizitza babestuen eskasia, batez ere alokairuarena, arazo are larriagoa da. Nafarroan, etxebizitza babestuaren % 95 pribatua izango da datozen urteetan. Hori guztia Nafarroan 24.721 pertsona etxebizitza babestu baten zain dauden bitartean.

Nafarroako Gobernuak eta udalek beren gain hartu behar dute beren erantzukizuna

ELAren ustez, egoera hori ez da saihestezina, eta hamarkadetan garatutako etxebizitza-politikei ere erantzuten die. Etxebizitza-politiken porrota da: eraikuntza-enpresei eta bankuei jabetzako etxebizitzaren bidez mesede egin dien eredu bat lehenetsi da; alokairu publikorako finantzaketa eskasa bideratu da, eta ez dira tresna guztiak erabili espekulazioa geldiarazteko. Alokairu babestua % 2 da Nafarroan, eta % 6,5 Europan.


Nafarroako Gobernuak, nagusiki, eta, neurri txikiagoan, udalek, eskumen zabalak dituzte espekulazioaren aurka jarduteko eta etxebizitza eskubidea bermatzeko.

Imanol Pascualek (ELA-Nafarroako koordinatzailea) azpimarratu zuenez, "aldaketaren Gobernua sartu zenetik 11 urte igaro dira, eta egoerak okerrera egin du. Gainera, 2027ko aurrekontuan, Nafarroako Gobernuak % 1,6 baino ez du bideratuko etxebizitzara, itzaleko bidesarietara baino gutxiago; litekeena da aurrekontuak aurrera egingo duela PSN, Geroa Bai, Contigo Zurekin eta EH Bilduren botoekin. Ez da onargarria beren burua aurrerakoitzat duten alderdi batzuek portzentaje eskas hori pertsona ahulenei sufrimendua eragiten dien auzira bideratzea". Horregatik, ELAk alderdi horiei eskatu die etxebizitzara soilik %1,6a bideratzen duten aurrekontuak ez onartzeko.

ELAren proposamenak:

- Bizitzeko alternatibarik gabeko etxegabetzeak debekatu.

- Higiezinekin egiten den espekulazioa galarazi: Inbertsio-funtsei eta espekulazio-sozietateei ez zaie utzi behar etxebizitzarik eta eraikitzeko lursailik erosten; xede soziala betetzen ez duten funtsen etxebizitzak desjabetu behar dira.

- Banku publikoa sortu, betiko bankuen negozioari eta gehiegikeriei amaiera emateko.

- Alokairuaren prezioen interbentzioa: Hego Euskal Herri osora hedatu behar dira tentsiopeko guneak; prezioak apaltzeko indize propioak ezarri, eta alokairu-kontratu mugagabeak edo iraupen luzekoak zabaldu.

- Alokairuko parke publikoa handitu: Etxebizitzako inbertsio publikoa epe laburrean BPGaren % 1eraino handitu; mailaka % 2raino igo, eraikuntza eta kudeaketa publikoa lehenetsiz, sustatzaile pribatuekiko menpekotasuna amai dadin.

- Etxebizitzaren fiskalitatea aldatu: Jabeentzako hobari fiskalak kendu eta jabe handien sarreren gaineko zerga handiagoak ezarri.

- Etxebizitza esparru propiorantz jo: Eskumen osoa eskatu behar da hainbat alorretako araugintza hemen egiteko (alokairua, jabetza, finantzaketa, etxebizitzaren xede soziala eta etxegabetzeen kontrako babesa).

Azkenik, sindikatuak azpimarratu du mobilizazio soziala funtsezkoa dela, eta azaroaren 11ko greba orokorra egungo etxebizitza-politikei erabateko aldaketa emateko aukera gisa kokatzen du.