ELAk Nafarroako Gobernuari neurriak eskatu dizkio bi astetik behin laneko heriotz bat dagoelako
Aste honetan 49 urteko langile bat hil da Abartzuzan kamioi batek harrapatuta, eta 55 urteko emakume bat lanetik itzultzen ari zela izandako trafiko istripu batean. 2025ean zehar, guztira 23 pertsona hil dira lan istripuz. Horregatik da Nafarroa estatuko laneko heriotza tasa altuena duen lurraldea, eta horrek agerian uzten du Enplegu Planen eta gizarte-elkarrizketaren eraginkortasunik eza. Bi astetik behin pertsona bat hiltzen da lanean edo lanerako bidean, eta heriotzen herena harrapatze, kolpe edo erorikoengatik gertatzen da.
ELAk salatu du enpresek seinaleztapen eta babes neurri espezifikoak ezarri behar dituztela Abartzuzan gertatutakoaren moduko harrapatzeak saihesteko. Gainera, errepidean gertatzen diren lan-istripuak, in itinere, trafiko istripu gisa ezkutatzen direla salatu du.
Kontzentrazioan, harea erloju bat erabili da lanean beste pertsona bat hiltzea denbora kontua dela adierazteko, Nafarroako Gobernuak ez dituelako neurriak hartzen hori saihesteko, eta enpresek prebentzio arauak sistematikoki hautsiz jarraitzen dutelako. ELAk eskatu du Lan Ikuskaritzako langile taldea hirukoiztea eta prebentzio araudia betetzen dela kontrolatzeko baliabide gehiago ezartzea.
2026ko Nafarroako Aurrekontua bozkatzeko egunak falta direnean, ELAk Nafarroako Gobernuari (PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin) eta EH Bilduri zein neurri hartuko dituzten galdetu die, elkarrizketa sozialera bideratutako milioiak eraginkorrak ez direla ikusita.