ELAk ohartarazi du erreforma berriak etor daitezkeela ultraaktibitaeari buruzko epaiak saihesteko

2015/05/05
Air Nostrum enpresako hitzarmenari buruzko epaiak arrazoia eman digu esaten dugunoi hitzarmena iraungita ere, mugagabeko ultraaktibitatea adostu bada, hitzarmeneko baldintzak mantendu egiten direla, hots, ultraaktibitateak iraun egiten duela; hau ebatzi du honez gero hainbat auzitegik, esaterako gurean Itunpeko Irakaskuntzan eta Bizkaiko Arte Grafikoen sektorean. Auzitegi Gorenaren azken epai honek beste instantzia batzutan erabakitakoa berresten du, beraz.

Egia da aipatutako epaiak ultraaktibitateak eragindako zalantzaren bat argitu duela; aurrez zeuden baldintzak mantendu egiten dira, baina ez da bermatzen hauek hobetzeko aukera, ezta negoziazio kolektiboko eremuaren iraupena ere.

PPk 2012ko otsailean erreforma laborala ezarri zuenetik, patronalak honek eskaintzen zituen aukera guztiak baliatu nahi izan ditu, baina erreforma gehiago eskatu izan du ere; areago, CONFEBASKek epaileei kargu hartu die emandako ebazpenak medio, zenbaitetan eskaera patronalei aurre egin baitiete. Patronalak ez du epairik onartu nahi Rajoyren gobernuak ezarritako erreformak mugatzen baditu.

Hain zuzen, erreforma gehiago egiteko eskariak gero eta sarriago entzuten dira egunotan: Europar Batzordea, NDF, OECD, CEOE, etab. Duela egun batzuk Fatima Bañez Enpleguko ministroak esan zuen bere gobernuak erreformei eutsi egingo diela, eta isilpean egingo dituela. Ez Gobernua, ez patronala, bietako bat ere ez dago erreformaren xede nagusia baztertzeko prest: lan-baldintzak okertzeko aukera ahalbidetu eta indartzea, eta defentsa kolektiboa ahultzea.

ELAk berriro adierazi du bere konpromisoa negoziazio kolektiboarekiko, aberastasuna banatzeko tresna den aldetik. Halaber, sindikatuak aurrerantzean ere langileak defenditu egingo ditu erreforma laboralaren eraginetatik, baita etor daitekeen beste edozein erreformaren ondorioetatik ere.