EAE AURREKONTUAK

ELAk ohartarazi du murrizketak dakartzatela osasunean eta hezkuntzan

2025/11/10
ELAk ohartarazi du murrizketak dakartzatela osasunean eta hezkuntzan
Eusko Jaurlaritzak iragarritakoaren aurka, 2026rako aurrekontuak ez dira hedakorrak: %1,6 baino ez dira handituko. Ez diete erantzuten Osakidetzak eta hezkuntza publikoak dituzten arazoei, ezta etxebizitza eskuratzeko arazoari ere.

IRAKURRI TXOSTENA HEMEN

2026rako Eusko Jaurlaritzaren Aurrekontuei buruzko txostena aurkeztu du ELAkren Azterketa Bulegoak. “Dokumentuak berresten du ez direla aurrekontu hedakorrak, Noël d’Anjouk Ogasun eta Finantza sailburuak iragarritakoaren kontrara”, adierazi du Aitor Murgia Azterketa Bulegoko arduradunak. Izan ere, Jaurlaritzak %4,1eko igoera iragarri duen arren, aurrekontua %1,3 baino ez da handitu.

Gainera, ez dira handitzen Osasuna edo Hezkuntza bezalako partida garrantzitsuak. “Hainbat Itun iragartzen dira, Osasunekoa edo Eskola Segregazioarena, esaterako”, gehitu du Murgiak. “Baina aurrekontua ikusita, argi geratzen da mahai horiek ez dutela balio zerbitzu publikoek jasaten duten okertzeari aurre egiteko”. Gainera, alderdiekien negoziazioak hasiko diren honetan, “Pradalesek argi utzi du PPrekin duela akordioa lortzeko adostasun handiagoa”, gogoratu du. “Prestutasun horrek argi uzten du 2026rako aurrekontuen benetako proiektua zein den”.

Murrizketak osasunean eta hezkuntzan

Zentzu horretan, Xabi Zabala Azterketa Bulegoko kideak ohartarazi du “ezin dela aurrekontu hedakorrez hitz egin, aurrekontuak ekonomiaren gainean duen pisua 2026rako jaisten denean”. Halaber, 2026ko aurrekontua 2025eko aurreikusitako itxierarekin alderatuz gero, gutxitu egiten da bai osasuneko partida, bai hezkuntzakoa. Datuen arabera, 2026an 2025ean baino milioi bat gutxiago inbertituko da, eta 191 milioi gutxiago hezkuntzan.

Nobedade gisa, Eusko Jaurlaritzak 935 milioiko partida sartu du 2026rako Euskal Aliantza Finantzariotik. Hala ere, kopuru hori ez litzateke Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan sartuta beharko, zor jaulkipen berezi bati dagokiolako. “Euskal Aliantza Finantzarioaren funtsaren erabilera interesatua egiten ari dira, aurrekontu proiektu osoaren zenbakiak puztuz”, nabarmendu du Zabalak.

Aurten Eusko Jaurlaritzak berebiziko garrantzia eman dio Etxebizitzari. Janire Landaluze Azterketa Bulegoko kideak ziurtatu du Denis Itxaso sailburuak “propaganda helburuekin zifra-dantza” egin duela: “2026rako aurrekontua 482 milioikoa izango da, eta 2025eko irailera arteko eguneratutako datuek erakusten dute aurrekontua 496 milioikoa izango dela. Beraz, harrigarria da Gobernuak horiek igoera nabarmen gisa saldu nahi izatea”. Gainera, ohartarazi du 300 euroko laguntzen zenbatekoa izoztuta dagoela, eta “kalkulu horrekin ezinezkoa dela merkatu librean etxebizitza eskuratzea”.

Landaluzek, era berean, salatu du Eusko Jaurlaritzak jarrera antidemokratikoa izan duela, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak gutxieneko pentsioak gutxieneko soldatara osatzeko egin duen eskaera baztertzean.

Bukatzeko, Murgiak gogorarazi du aurrekontuak, batez ere, zergekin finantzatzen direla, eta zerbitzu publikoak langile klaseak sostengatzen dituela. “EAEko zerga bilketa iaz baino %10 handiagoa izango da, eta 20.000 milioi euroko errekorrak gaindituko dira; hala ere, Sozietate Zergatik datozen sarrerak %14 jaitsiko dira”.