ELAk oroitarazi nahi du Osasunbidean abiarazitako EPEari hauteskunde-kutsua dariola

2015/06/16
Hauteskunde-kanpainan murgildurik gaudela, 2015eko maiatzean, TCAE (erizain-laguntzaile), emagin eta TERentzako deialdiak egin dira. Deialdi horiek 2009ko Enplegu Publikoaren Eskaintzari zegozkion, baina ordutik hona geldirik egon dira.

ELA sindikatuak salatzen du langileriarentzat hain gai sentibera erabiltzea —lanpostu batez jabetzea— hauteskundeetan emaitza hobeak lortzearren.

Enplegu publikoaren eskaintzarik argitaratu gabe sei urtez egon ondoren, eta hauteskunde-kanpainari jarraiki, Administrazioaren Mahai Orokorraren urte hasierako bilera batean jakitera eman zizkiguten 2015eko EPEaren xehetasunak. Eskaintza urriegia da, eta A eta B mailetara mugatzen da, gainerako lankideak bazterrean utziz.

Osasunbidean plazak finkatu gabe igaro den denbora luzea izan bada ere, deialdia plaza bakan batzuk jasotzera mugatu da. Kontuan hartu behar da pertsonalaren %50 baino gehiago modu prekarioan kontrataturik dagoela.

TCAE deialdiari dagokionez, 69 plazak baino ez dira eskaintzen. Hori langileei begirunea galtzea da, gure ustez; zeren 2008az geroztik ez da oposiziorik antolatu, eta azken zazpi urteotan postu hutsak nabarmen ugaldu dira.

Gure ustez, eratu beharreko gobernu berriak deialdi horiek berriro aztertu beharko lituzke, enplegu publikoaren eskaintzan maila guztiak hartuz, eta postu hutsen kopururik ahalik eta handiena eskainiz. Deialdia eginda dagoen kasuetan beharrezkotzat jotzen dugu errealitatera egokitzea, eta plaza-kopurua handitzea.