pobrezia eta desberdintasun soziala

ELAk pobreziaren hazkundeaz eta kronifikazioaz ohartarazi du, eta aberastasuna banatzeko 1.500 euroko LGS propioa defendatu du

2026/02/16
ELAk pobreziaren hazkundeaz eta kronifikazioaz ohartarazi du, eta aberastasuna banatzeko 1.500 euroko LGS propioa defendatu du
ELAk txosten bat aurkeztu du, pobreziaren kontsolidazioa eta prekaritatea nola handitzen ari den aztertzen duena. Gaur egun lana izateak ez duela pobrezia gainditzea bermatzen ohartarazten du, eta etxebizitzarako sarbidea gizarte-desberdintasunaren faktore nagusi bilakatu dela. Gizarte berdintsuago eta kohesionatuago baterantz aurrera egiteko ELAren proposamenak biltzen ditu dokumentuak: politika fiskala, zerbitzu publikoen indartzea, prestazio sozialen eta pentsioen hobekuntza, etxebizitza politika eta gutxieneko soldata propioa.

Azterketak 56: pobreziatik pauso batera” txostena aurkeztu du ELAk prentsaurrekoan. Aitor Murgia, ELAko Politika Sozialeko arduradunak eta Janire Landaluze, Azterketa Bulegoko kideak nabarmendu dute hazkunde ekonomikoa dagoen arren eta EAEko eta Nafarroako biztanleko BPGa Estatuan handienen artean egon arren, aberastasunaren banaketa gero eta injustuagoa dela. Hego Euskal Herrian, azken urteetan lan-errentek BPGaren 2,5 puntu galdu dituzte, eta horrek erakusten du sortzen den aberastasuna enpresa handien eta kapitalaren esku geratzen ari dela.

“Bi abiadurako gizarte baten aurrean gaude”: batzuek gero eta aberastasun handiagoa pilatzen dute, eta gero eta pertsona gehiagok zailtasunak dituzte hilabete amaierara iristeko. Foessa bezalako txostenek ohartarazten dute Hego Euskal Herriko pertsonen %35 inguruk integrazio prekarioan bizi dela; hau da, bizitzako funtsezko arloetan —lana, etxebizitza, zerbitzu publikoetarako sarbidea edo gizarte parte-hartzea— zailtasunak dituztela.

  • Pobreziaren aurpegiak: migratuak, emakumeak eta gazteak

Txostenaren diagnostikoak pobreziaren hazkundea eta kronifikazioa azaleratzen ditu. EAEn, gizarte-bazterketak 259.000 pertsonari eragiten die, eta biztanleriaren %3,8 (84.000 pertsona) bazterketa larrian bizi da. Nafarroan, bazterketa 88.000 pertsonara iristen da, eta bazterketa larria %2,6tik (2018an) %7,9ra (2024an) igo da.

Pobreziak norabide sozial nabarmena du: EAEn, migratzaileen arteko bazterketa-tasa %40,7koa da, bertokoena baino bost aldiz handiagoa; emakumeek buru duten etxeetan bazterketa-tasa %15,4koa da, gizonek buru dutenetan %10ekoa den bitartean; eta EAEn adingabeen %19,9ri eragiten dio.

  • Etxebizitzak pobrezia sortzen du, eta enpleguak ez du bertatik ateratzea bermatzen

EAEn, bazterketan dauden pertsonen %50,8 laneko diru-sarrerak dituzten etxeetan bizi dira; Nafarroan, %44,2. Horri etxebizitzaren egoera gehitu behar zaio: Hego Euskal Herriko biztanleen %11 (320.000 pertsona inguru) pobreziaren atalasearen azpitik erortzen dira etxebizitzaren gastuak ordaindu ondoren.

"Etxebizitzak pobretu egiten du eta enplegua izatea ez da nahikoa, lan egiteak ez duelako bermatzen pobreziatik ateratzea: 1.500 €-ko LGS propioa premiazkoa da HEHn, baita etxebizitza-politika ausartak ere."

  • DSBEk eta Errenta Bermatuak ez dute behar bezala erantzuten

2012an egindako murrizketen ondorioak pairatzen ditu DSBEk, eta, hazkunde ekonomikoa egon arren, ez da iristen behar duten pertsona guztietara; izan ere, benetako pobrezia-arriskuan dauden pertsonen %75,5ek baino ez dute jasotzen. Nafarroan, bazterketa larrian dagoen biztanleria handitu den arren, Errenta Bermatuaren onuradunen kopurua jaitsi egin da.

Egoera horren aurrean, ELAk neurri estrukturalak proposatzen ditu gizarte-kohesioa indartzeko: zerga-erreforma progresiboa, etxebizitzan inbertsioa BPGaren %2ra igotzea, zerbitzu publikoak hobetzea eta DSBEren eta Errenta Bermatuaren zenbatekoetan egindako murrizketak lehengoratzea, berriz ere LGSari lotuz.

ELAk azpimarratu du martxoaren 17ko Greba Orokorraren aldarria: 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren beharra Hego Euskal Herrirako; 160.000 langileri egingo lieke mesede zuzenean eta soldaten igoera orokorra bultzatzeko palanka izango litzateke. “Premiazkoa da aberastasunaren banaketa justuagoa, pobreziaren hazkundea eta sendotzea gelditzeko”.