ELAk premiazko ikusten du bere oinarri-antolakundeak indartzeari lehentasuna ematea

2011/07/22
ELAk premiazko ikusten du bere oinarri-antolakundeak indartzeari lehentasuna ematea
“Erronkari erantzungo diogu” izenburua daraman Adierazpena bere egin du Nazio Kontseiluak uztailaren 22an. Mendeurrenaren inguruan Ebazpen berezi bat du ELAk, oso komenigarria izango zelakoan. Ebazpena egiteko 1976ko Kongresuan onartutako Printzipioak oinarritzat hartu eta 35 urte ondoren eguneratu nahian egin da. Mantendu beharrekoa mantentzeko eta agertu diren erronka berriei buruzko gure ikuspuntua emateko.

Adierazpenak berrezten du sistema kapitalistaren oinarria etekin azkar eta esklusiboan oinarrituta dagoela, eta horretarako langileak esplotatzen dituela, herriak zapalduta dauzkala, eta bizia nahiz planetako baliabideak suntsitzen dituela. Era honetan, langileok ondorio larriak pairatzen ditugu. Botere politikoak gero eta argiago daude botere ekonomikoen menpean, ia erabat baztertu baitute gizartean nolabaiteko oreka lortzeko helburuari.

ELAren iritziz, gaur egun lan- eta bizi-baldintzen aurrerapidea ez da gizarte-kontzertazioaren ondorioz etorriko, hau da, elkarrizketa sozialaren bidez.

ELAk premiazko ikusten du bere oinarri-antolakundeak indartzeari lehentasuna ematea. Sindikatua da langileen lan eta bizi-baldintzen aldeko borrokarako tresnarik egokiena. ELAko idazkari nagusiarekin batera, Xabi Anza, formazio buruak hartu du parte Adierazpenaren aurkezpenean.

Adolfo Muñoz “Txiki”ren hitzetan “ELAk kultura sindikala aldarrikatzen du, eta uste du oraingoa ere une aproposa izan daitekeela bere oinarri soziala zabaltzeko, joera militantea indartzeko, koadroak prestatzeko, lantoki, sektore eta eskualde bakoitzeko borroka kolektibora pertsonak biltzeko”.

ELAko idazkari nagusiak azpimarratu du fiskaltasunaren inguruan Lehendakariak ez duela eztabaida serio bat egiteko asmorik.” Araban PPri gobernua eman dio eta Nafarroan UPNrekin zergak gehiago jaisteko akordioa egin du. Nor engainatu nahi du?”. Era honetan, eztabaida Legebiltzarrera eramateko eskatu du, berriro gai honi lotutako erabakiak ezkutuan har ez daitezen.

 

Irakurri Idazkari Nagusiaren hitzaldia

 Mendeurreneko Adierazpena