ELAk salatu du Bizkaiko zahar-etxe askotan duela urte asko ari direla gutxieneko zerbitzutan lan egiten

2016/05/20
ELAk salatu du Bizkaiko zahar-etxe askotan duela urte asko ari direla gutxieneko zerbitzutan lan egiten
Aspaldiko egoitzako zuzendariak duela gutxi esan du Bizkaiko erresidentzietako grebarako gutxieneko zerbitzuak ezarri dituen teknikariak ez dituela zerbitzuaren nondik norakoak ezagutzen, eta gehitu egin behar direla. Eskari hau dela eta, ELAk salatu du Bizkaiko zahar-etxe askotan grebarako ezarri den gutxieneko zerbitzua urteko 365 egunetan eskaintzen dela.

Sindikatu honek nabarmendu du langileak direla, ez enpresak, sektoreak pairatzen duen egoera larriaz kexu agertzen direnak. Eurek jasaten dituzte zuzenean lan-kargak eta ratioak, eta erabiltzaileak bizi duen egoera larriaren lekuko dira.

Halere, enpresak lan-kargak gehitzen ari dira, plantillak eta lanorduak mozten, etekin gero eta handiagoak izateko. Hauxe da, hain zuzen, greban dauden langileen eskari nagusietako bat: ratioak eta lan-kargak hobetzea.

Aste honetakoak aintzat hartuta, honez gero hamaika greba egun izan dira gatazka hasi zenetik. ELAk bere harridura eta haserrea adierazi behar du Gizarte-Ongizateko diputatuaren jarrera dela eta, posizio patronalak babesten baititu; gainera, greba deitu duen sindikatuarekin oraindik ez du batzarrik egin nahi izan. Sindikatuak azaroan eskatu zuen bilera bat arazoak aztertzeko eta gatazka saihesteko. Gogoratu beharra dago zerbitzu hau %70ean Diputazioak finantzatzen duela, eta erakunde honek bermatu behar duela egoitza guztietan zerbitzu unibertsal eta kalitatezkoa eskaintzea.

Egoera larri hau ikusirik, ELAk mobilizazioari eutsiko dio eta greba egun gehiago deituko ditu, langileen kolektiboak plazaratutako eskariak bete arte: 35 orduko lan astea, soldata igoera duina, ratio eta lan-kargen hobekuntza, baja osagarri hobea eta lizentzien atalaren berrikuspena.