EITB-k Eusko Irratiko kaleratzeak justifikatzeko 2014ko apirileko Administrazio Kontseiluaren erabakia argudiatzen du

2015/03/27
EITB-k Eusko Irratiko kaleratzeak justifikatzeko 2014ko apirileko Administrazio Kontseiluaren erabakia argudiatzen du
Aste honetan izan da EITBko zuzendaritzak Eusko Irratiko 30 lanpostu amortizatzeko aurkeztu duen enplegu-erregulazio espedientearen (EEE) inguruko bigarren bilera. Aurkeztu duen dokumentazioak agerian uzten du txosten guztiak egin direla apirilaren 29ko Administrazio Kontseiluarren erabakia goitik behera betetzeko.

ELAren ustez, zuzendaritzak argudiatzen dituen zio organizatibo zein ekonomikoak Administrazio Kontseiluaren erabakiaren baitan eraiki dira -hala adierazten dute azalpen-memoriak eta zuzendaritzaren hitzek-; asmo bakarra erabaki hura justifikatzea da. Agerian geratu da enpresak ematen dituen zergatiak ez direla halakoak, eta legezko itxura eman nahi dio erabaki erabat ulergaitz bati.

2014ko apirilaren 29ko Administrazio Kontseiluaren erabakia EAJk, EH Bilduk, LABek, Eusko Ikaskuntzak eta Euskaltzaindiak babestu zuten.

ELA, Eusko Irratiko Zentro Arteko Komiteko sindikatu nagusi delarik, orain arte izan diren bi bileretan exijitu du EEE hau erretira dezatela berehala, eta Zuzendaritzak men egin diezaiola Eusko Legebiltzarrak otsailaren 25ean hartutako ebazpena, EEEa geldiaraztea eskatzen zuena.

Sindikatu honek borrokan jarraituko du, eremu sindikalean zein juridikoan, zuzendaritzak hasitako espediente hau -euskal herri-administrazioan lehenengoa- bertan behera gera dadin.