ELAk salatu du Felipe Borboikoaren bisita monarkia zuritzeko saiakera dela
Gaur, azaroak 28, Alemaniako presidentea Gernikan izango da 1937an naziek egindako bonbardaketengatik erantzukizuna hartzeko eta barkamena eskatzeko. Bere bisita aprobetxatuz, Felipe Borboikoak erabaki du bera ere etorriko dela Frank-Walter Steinmeier “laguntzera”.
Horren aurrean, ELAk dio eskertzekoa dela Steinmeier presidentea Condor legio alemanak sarraskitu zuen herrira etortzea, biktimekiko aitortza eta erreparazio keinu bat adierazten baitu. Hala ere, ELAk gogor kritikatu du Felipe Borboikoaren etorrera. “Ez da ongi etorria Euskal Herrian eta are gutxiago Gernikan. Bere monarkiaren zuritzeko saiakera hutsa da”, kexu da.
Gogorarazi du Armada alemaniarrak Gernika bonbardatu zuela, euskal herritarron leku sinbolikoa, Frankok zuzendutako altxamendua babesteko eta Espainiako faxistek gerra irabaz zezaten, gertatu zen moduan. “Faxisten garaipen horrek Francoren 40 urteko diktadura eta Euskal Herriaren zapalkuntza eta ukazio izugarria ekarri zuen”, gogorarazi du ELAk.
Bada, gehitu du, Felipe Borboikoa da Francok inposaturiko monarkiaren ordezkaria. Beraz, erantzukizun historikoa du Gernikan alemaniarrek egin zuten sarraskian. “Felipe Borboikoa “laguntzera” baino, etortzekotan, bonbardaketa harengatik barkamena eskatzera eta erantzunkizuna hartzera etorri beharko luke, Alemaniako estatu burua datorren moduan. Esan behar da ere alemaniarrek erregerik nahi eta behar ez duten bezala, Euskal Herriak (euskal errepublika helburu) ere ez duela erregerik nahi ezta behar ere”, azaldu du ELAk.
Amaitzeko, sindikatuak aldarrikatu du Gernikakoa ez dadila izan memoria ekitaldi hutsa. “Balio dezala 1937an gertatutakoa oroitzeaz gain, gaur egun gertatzen ari diren genozidioak salatzeko, Palestinan eta Sudanen besteak beste, eta sarraskiekin amaitzeko kemena hartzeko”, ondorioztatu du.