HEZKUNTZA PUBLIKOKO SUKALDE ETA GARBIKUNTZA

ELAk salatu du Hezkuntza Saila ez dela ordezkapenak egiten ari

2025/03/05
Ordezkapenen kudeaketa langileen osasunean eragiten ari da, ELAk ohartarazi duenez.

“Hezkuntza publikoko sukalde eta garbiketa sektoreko ordezkapenak gero eta okerrago kudeatzen dira”, kritikatu du ELAk, eta uste du Eusko Jaurlaritzak sektorea prekaritatera kondenatzen ari dela. ELAk urteak daramatza egoera salatzen, baina adierazi du azken asteetan egoera larriagotu egin dela, batez ere Araban eta Gipuzkoan:

Araban, Izarrako eta Gasteizko Gorbeialdeko ikastetxeetako sukaldeek itxi egin behar izan dute egun batez, langile faltagatik. Gasteizko Herrandarren institutuan ere ez da ordezkapenik egin garbiketan, nahiz eta langileen erdiak bajan dauden.

Gipuzkoan, Trintxerpeko Karmengo Ama eskolan ez da ordezkapenik egin sukaldaritzan joan den abendutik. “Azken asteetan zerbitzu bera eskaintzen da, plantillaren erdia lanean ari dela, eta, beraz, lan kargak nabarmen handitu dira”, azaldu du ELAk. Eskema bera errepikatzen da Donostiako Amara Berri eskolan. Zarauzko Orokieta eskolako sukaldean hiru hilabete igaro dira pertsona bat ordezkatu gabe, eta, azkenean, enpresa pribatu baten bidez azpikontratatu da sukaldari bat.

ELAren ustez, egoera horien guztien eta langileen lan osasunean dituzten ondorioen zuzeneko arduraduna Hezkuntza Saila da, eta hezkuntza publikoko sukalde eta garbiketa sektorean ordezkapenak lehen egunetik egiteko exijitzen dio. ELAk gogorarazi du ordezkapenak langile guztien eskubidea direla, eta horiek ez egiteak sektoreko baldintzak are gehiago prekarizatzea dakarrela.