ELAk salatu du hainbat zentrotan ez direla ordezkapenak egiten
Urte hasieratik, EAEko Hezkuntza Publikoko Heziketa Bereziko sektorean ez dira ordezkapen asko betetzen ari. Hori dela eta, ELAk hainbat elkarretaratze egin ditu ikastetxe kaltetutan. Izan ere, horrek zerbitzuaren prekarizazio bikoitza dakar. Alde batetik, lan kargak nabarmen handitu dira. Beste alde batetik, eta ELArentzako oso larria dena, behar bereziak dituzten ikasleei ez zaie behar bezalako arreta ematen. Tartean, badira ikstetxeak non ikasleak etxera bidali dituzten egoera kudeaezina zelako.
ELAk asteak daramatza Sailari arazoaren berri ematen eta neurriak exigitzen. Araban eta Bizkaian egoera larria da, eta badira lekuak kurtso hasieratik langileak falta direla. Hitzarmen berriaren negoziazioan ez ziren behar bezalako neurriak jarri eta EPEan ez ziren behar beste plaza atera. Bitartean, ekoizpenaren araberako behin-behineko kontratuei atea ireki zaie langileak finkatzeko aukerak bermatu gabe eta Ordezkaguneko aldaketek (eta funtzionamendu desegokiek) ez dute arazoa saihestu.
Gauzak horrela, Sailetik ez-ohiko neurriak jarri dira martxan aste honetan sindikatuen babesik gabe eta Pedagogia Terapeutak deitu dituzte ordezkapen batzuk egiteko. Hots, arazoari benetako konponbideak bilatu gabe aurrera jarraitzea erabaki du Sailak.