ELAk salatu egin du Kutxabanken iragarritako enplegu suntsipena eta lan-baldintzak okertzea
Planaren baitan enplegua suntsitseaz gainera prekarizatzea areagotuko da. Hau lanpostuak gutxitzeko xedea duten lau neurrien ondorio izango da: erretiro aurreratuak -268 pertsonari eragingo dietenak-, pizgarri bidezko bajak, kontratu eteteak eta lanaldi murrizketa.
Gainera, zuzendaritzak iragarri du zerbitzuen azpikontratazioan eta arloak zerbitzu-enpresetara eramateko joeran aurrera egingo duela. Honek ere prekarietate laboral handiagoa ekarriko du, soldata apalagoak eta baldintza okerragoak izango baitira.
Efizientzia areagotzeko esan dute pertsonal urriagoak funtzio gehiago bete beharko dituela.
ELAk oso gaizki deritzo Kutxabanken planari. Erakundeari buruzko bide-orria erabakita dago, eta Euskaltelen jarraitu zen ildo beretik doa. Kontu bakarra dago argitzeke, oraingoan zenbat milioiko bonusak banatuko dituzten.
Kutxabanken helburua bakarra da: etekina maximizatzea, horretarako lanpostuak suntsitu behar badira ere (orain esandako 268ez gainera azken lau urteetan kendu dituzten 1.098ak eta zeharkako enpleguan galdutako guztiak kontutan izan beharko lirateke); esternalizazio bidez lan-baldintzak hondatu; azpikontratazioa areagotu, edota pertsonalaren lan-kargak handitu.
ELAren ustez erakunde honetako zuzendaritzaren eta arduradun politikoen ibilbide hau, gero eta kaltegarriagoa, ezin da onartu. Enplegua suntsituz gero ez dago gizarte-ekintzarik.