ELAk suhiltzaile legea erretiratzeko eskatu du gaur Eusko Legebiltzarrean izandako agerraldian

2016/02/03
ELAk suhiltzaile legea erretiratzeko eskatu du gaur Eusko Legebiltzarrean izandako agerraldian
Eusko Jaurlaritzak legetasmo honen tramitazioan izan duen transparentzia eza salatu du ELAk. Bitartean, beste behin ere, suhiltzaileek kanpoan protesta egin dute Lege honen tramitazioaren aurka.

Suteen Prebentzio eta Itzaltze eta Salbamendurako Euskal Legeak Eusko Legebiltzarrean lehen pausuak eman ditu. Gaur, otsailak 3, legearen inguruko agerraldiak hasi dira. ELAk egin du agerraldia gaur.

Eusko Jaurlaritzak erabateko transparentzia ezarekin landu du Lege hau, suhiltzaileekin eta beraiek ordezkatzen ditugun Sindikatuekin ezertarako ere kontatu gabe. Horregatik, edukietan sartu aurretik, ELAk salatu du Eusko Jaurlaritzak tramitazio osoan izan duen jarrera iluna izan dela eta transparentziarik gabe tramitatu duela proiektu hau.

ELAk gaur Legebiltzarrean markaturiko ildo nagusiak ondokoak izan dira

1.- Lege honen helburua, suhiltzaile zerbitzua pribatizatzea da.

2.- Lan baldintzen prekarizazioa ekarriko du. Lanaldi partzaialak sustatzen dira eta behin-behinekotasunari ez zaio inongo mugarik jartzen.

3.- Ez du suhiltzaile zerbitzuaren funtzioak eta helburuak zeintzuk diren argitzen, administrazioaren diskrezionalitatea indartuz.

4.- Formakuntzarekin ere negozioa egiteko ateak zabaltzen dira.

5.- Alternatiba badago: Suhiltzaile zerbitzu publiko indartsua bere osotasunean. 24 ordutan zerbitzua emango duena, suhiltzaile profesionalez osatua eta lanaldi osoan eta lan baldintza duinetan.

Azken hilabeteetan argi geratu da suhiltzaile langileen artean Lege aurreproiektu honek sortu duen haserrea eta kontrako jarrera.

Bi kontzentrazio eta lau manifestazio egin dituzte Suhiltzaileek EAEko hiru hiriburuetan, Suhiltzaile zerbitzuan eskumena daukaten instituzioen jarrera salatzeko. Mobilizazio hauetan, ehunka suhiltzailek parte hartu dute eta gaur ere agerraldiak iraun duen bitartean, suhiltzaileak kanpoan egon dira protestan.

Guzti hau kontutan hartuta, ELAk exijitu du Legebiltzarrak ez dezala onartu Suhiltzaile lege hau, eta beste lege baten tramitazioarekin hasieratik hasi daitezela, langileon ordezkariokin negoziazio mahai bat zabalduz.

Suhiltzaile lege hau ez da ez langileek ezta Euskal gizarteak behar duen legea ere. Suhiltzaile zerbitzu indartsu baten alde borrokan jarraituko du ELAk. Zerbitzu publiko indartsua, 24 ordutan zerbitzua emango duena eta lan baldintza duinetan egongo diren langile profesionalez osatua.