ELAk txalotzen du Nafarroako Parlamentuak Foruzaingoaren barruko soldaten eta korporatibo-pribilejioak indargabetu dituela
ELAk txalotzen du Nafarroako Parlamentuak, azkenean, Foruzaingoaren barruko soldaten eta korporatibo-pribilejioak indargabetu dituela, Nafarroako Polizien Legearen (15/2015, apirilaren 10koa) aldaketa bat onartuta. Zehazki, data bat jarri diote soldatak ordaintzeko modu berriari, eta horrek langileen multzo txiki baten pribilejioak indargabetuko ditu. Bide batez, polizi-eredu berri baten oinarriak sendotzen dira, jardunaldien eta soldaten berdintasunean oinarrituta, beste langile publikoak bezala.
Gaur onartutakoak soldata berriak indarrean jartzeko hilabete batzuen atzerapena suposatzen badu ere (2016ko urriaren 1era bitarte), neurriak atzeraeragina izango du 2016ko urtarrilaren 1etik, legea onartu zuten data beretik, hain justu.
Gauzak horrela, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-ek, PSN-k eta I-Ek (bozketa ezberdinak emendakinen arabera) polizi-eredu berri baten ibilbidea ahalbidetu dute, ELAk urte luzez egindako lanaren emaitza dena, azken finean, beti ere zerbitzu publikoen eta foruzain guztien baldintzen berdintasunaren aldekoa.