hezkuntza publikoa

ELAk uste du LABen akordiorako oinarriek ez dutela ekarriko eredu aldaketarik, ezta lan baldintzetan hobekuntzarik ere

2023/04/17
ELAri Hezkuntza Sailak egindako eskaintzan onartzen da hezkuntza publikoko behin-behinekotasuna % 30 baino handiagoa izatea eta soldaten homologazioa eginda ere, hezkuntzako langile guztien erosahalmena galtzea. Gainera, lanpostuak ez dira bermatzen jaiotza tasaren murrizketaren edo Gobernuaren aldebakarreko aldaketen aurrean. ELAk grebaren aldeko apustua egiten jarraitzen du hezkuntza lege eraldatzailea eta lan baldintzetan benetako hobekuntzak lortzeko, itunpeko sarean apirilaren 25eko deialdiarekin, eta greba gehiago antolatzeko lan egingo du.

LABek gaur ezagutzera eman du Hezkuntza Sailarekin elkarrizketak izan dituela. Ondorioztatu du hezkuntzako langileen lan baldintzak hobetzeko akordiorako oinarria jartzea lortu duela eta mahai sindikal bat osatzeko eskatu dio Hezkuntza Sailari. Hezkuntza Sailak gaur bertan mahai bat deituko duela adierazi du berriz. Duela hilabete, Hezkuntza Publikoko hauteskundeen aurretik, ELAk publiko egin zuen Hezkuntza Sailarekin izandako negoziazioa, akordiorik gabe amaitu zena. Hezkuntza Publikoko hauteskundeen ondoren, ELAk beste bilera bat egin du Hezkuntza Sailarekin. ELAk ez du akordiorik itxi Hezkuntza Sailarekin, ez duelako ontzat jo proposatutakoa: edukiak eskasak eta zehaztasun falta nabarmenak direlako.

Lan baldintzei dagokionez, Jaurlaritzak eskainitako eduki gehienak zehaztu gabe daude; kasu gehienetan proposatzen du azterketak egiteko batzordeak sortzea, batzorde horien helburua azaldu gabe. ELArentzat bereziki larria da hezkuntza publikoko langileen %30 baino gehiago behin-behinekoa izaten jarraitzea; langileen lanpostuak ez bermatzea jaiotze tasaren txikiagotzearen edo Jaurlaritzaren aldebakarreko erabakien aurrean; edo itundutako eskoletako langileen soldaten homologazioa eginda ere, hezkuntzako langile guztien erosahalmena galtzea, itundutako eskoletako langileek barne.

Hilabete honetan Hezkuntza Legearen aurreproiektua publiko egingo dela aurreikus daiteke. ELArentzat testuinguru honetan ezinbestekoa da hezkuntza ereduari buruzko eduki zehatzak eztabaidatzea. Kontsentsu politikoak, ordea, hori eragozten du. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak ez ditu alderdi politikoekin adostutako Hezkuntza Hitzarmenaren oinarriak aldatu nahi eta, ondorioz, Hezkuntza Legeak ez du murgiltze eredua jasoko, ezta euskal kurrikuluma garatzeko aukerarik jasoko ere, hezkuntza enpresen esanetara mantenduko du, eta sare banaketa betikotu. Alderdi politikoek ontzat ematen dute LOMLOE oinarri gisa, hortaz, ezinezkoa da hezkuntza lege eraldatzaile bat gauzatzea.

ELAk ez du ontzat emango LOMLOE oinarri gisa duen Hezkuntza Legerik, horren baitan ikasleak segregatzen jarraituko baitira, euskal kurrikuluma aske garatzeko aukera ez da izango, ikasleak euskalduntzeko muga larriak izango dira eta egungo hiru sareetako sistematik sare publiko-burujabea soilik izango duen hezkuntza sistemarako trantsiziorik ez delako posible izango. Espainiar estatuak ezarritako inposaketa neoliberalari aurre egiteko euskal gizartea antolatzea eta mobilizatzea ezinbestekoa izango da.

ELAk orain hilabete batzuk eskatu zuen mahai sindikal baten sorrera Hezkuntza Legeaz eta lan baldintzez aritzeko. Hezkuntza Sailak mahai sindikal bat deitzen badu bertan izango da, baina jada ELArekin partekatutako edukietan oinarritutako eskeintza ez da nahikoa, eta Hezkuntza Sailak edukiak aldatu ezean ez du ELAren babesik izango.

Horregatik, ELAk egon daitezkeen negoziazio mahai guztietan lan baldintza egokiak lortzeko borroka eta grebak bultzatzen jarraituko du. Jada, Apirilaren 25ean ELAk gehiengoa duen itunpeko sarean greba deituta dago eta ELAk berresten du greba hori gauzatuko dela.

Gaurdanik, ELA harremanetan jarriko da hezkuntza alorrean ordezkaritza duten beste sindikatuekin. Hezkuntza Legearen proiektua publiko egiten denean sindikatuen arteko irakurketa partekatu nahi du ELAk eta sakoneko aldaketak ekarriko dituen lege baten aldeko grebak antolatu, kontsentsu politikoaz gaindi, sindikatuek ez dezaten ontzat eman egungo sistema betikotuko duen akordiorik.