Hezkuntza Legea

ELAko 300 ordezkarik giza katea osatu dute legearen aurreproiektuari desadostasuna adierazteko

2023/02/14
Behin betiko aurreproiektua ezagutu atarian, Jaurlaritzari lan baldintzak kontuan hartzeko eskatu diote sare publikoko, Ikastoletako eta Giza Ekimenetako ordezkarik, eta gaindi dezala Estatuaren sare bikoitzeko hezkuntza uniformatzaile eta merkantilista.

Hezkuntza Publikoko, Ikastoletako eta Gizarte Ekimeneko 300 ordezkari baino gehiago batu ditu ELAk gaur Bilbon, Hezkuntza Legearen aurreproeiktuaren inguruko kezkak partekatu eta bestelako lege baten alde egiteko. Horretarako, aurrena batzarra egin dute Bizkaiko abokatuen elkargoan, eta ondoren, giza katea osatu dute Moyuatik Jaurlaritzaren egoitzara Denon hezkuntza denontzat langileEKIN lelopean.

Ekitaldian parte hartu duten ordezkariek adierazi dute eraldaketa sakona behar duela egungo hezkuntza sistemak. Bai behintzat euskalduna, inklusiboa, burujabea, publikoa, feminista, ekologista eta anitza izatea nahi bada. Eta horretarako, trantsizio bat adosteaz gain, ezinbestekoa da lan baldintzak kontuan hartzea.

Lan baldintzak eztabaidatik at utzi dira, ordea, eta Jaurlaritza alde bakarrez ari da erabakiak hartzen. Kezkagarria da hori, are gehiago jaiotze tasaren beherakada betean. Izan ere, erabakietako askok eragin zuzena dute Hezkuntzako lan baldintzetan eta enpleguan. Horregatik, lehenbailehen osatu behar du Hezkuntzako lan baldintzei buruzko mahaia, sindiaktuekin honako adosteko: lanpostuen mantentzea, langileen arteko baldintzen parekatzea eta hobetzea, kontratazioan gardentasuna, eta egonkortasuna, besteak beste.

Bestetik, ELAko ordezkariek kezkaz bizi dute LOMLOEren markoaren onarpena. Estatuko sare bikoitzeko hezkuntza sistema uniformatzaile eta merkantilista inposatzen da Espainiako Hezkuntza Lege horren bidez. Bada, Jaurlaritzaren aurreproiektuak ez du hori gainditzeko oinarririk garatzen.

Horren aurrean, giza katearekin Jaurlaritzari ELAk eskatu dio alde bakarreko erabakiak alboratu, ta sindikatuekin adostu behar dituela langileen lan baldintzak eta Euskal Eskola Publiko burujaberako transizioa. Hau da, kurrikulum berria, ikasmaterialen osatzea, euskarazko murgiltze eredua, publifikaziorako urratsak, edota doakotasunaren bermea, esaterako. Guztiak ere jasota daude ELAren Hezkuntza proposamenean, eta aurreproiektuari ELAk iraileran egindako ekarpenetan.

Oinarrizko urrats horiek egin ezean, langileen eskubideak defendatzeko greba eta mobilizazioak bultzatzeko prest da ELA.