ELAren Nazio Kontseiluak nabarmendu du Martxoaren 17ko greba orokorra kohesio sozialaren aldeko ekintza izango dela
ELAk Altsasun Nazio Kontseilua izan du, kongresu artean sindikatuak duen organo gorena; bertan izan diren 300dik gora lagunek babestu egin dute datorren martxoaren 17rako greba orokor deialdia; honen aldarri nagusia, Hego Euskal Herrian lanbidearteko gutxieneko soldata (LGS) propioa ezartzea.
Iortian egin den elkarretaratze batekin burutu den gaurko bileran landutako puntuen artean, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak hartu du hitza, eta hau esan du: “Euskal LGS bat ezartzea auzi politiko bat da, kohesio soziala lorpen horrekin lotuta baitago; eskuduntza hori Gasteizko eta Iruñeko gobernuena izan beharko litzateke. Hain zuzen horrexegatik estatu politiko berri bati buruzko edozein akordiotan (EAEn zein Nafarroan), hemengo LGS bat ezinbesteko elementua izan beharko litzateke”.
Lakuntzak gogorarazi du greba deitu duten sindikatuek bi bidetatik jo dutela "euskal LGS bat lortzeko: Bi Parlamentuetara eraman dugu HEL bana eta Confebaskekin (EAEn) nahiz CENekin (Nafarroan) Lanbidearteko Akordioak iristeko saioa egin dugu. HELen bidez ia 140.000 sinadura jaso genituen, baina Parlamentuek eztabaida bera egitea ukatu digute; patronalek, berriz, ez dute negoziatzen hasi ere egin nahi izan”. ELAren Nazio Kontseiluak M17ko greba orokorrerako arrazoiak goitik behera babestu ditu, esaterako "soldaten igoera orokorraren aldeko borroka; horretarako 2026an 1.500 euroko LGS bat izatea ekarpen handia litzateke; horregatik, langileria guztiaren inplikazioa funtsezkoa da”.
“Ultraeskuinaren ideiak, indibidualismoa eta botere ekonomikoaren ideiak zabaltzen ari diren uneotan jendea politizatu nahi dugu, oinarritzat elkartasuna eta eskubide sozial gehiagoren aldeko borroka hartuta -erantsi du Lakuntzak-; behin eta berriz esan izan dugu: ez dugu etsiko. Presio sindikal eta politikoari eutsiko diogu Hego Euskal Herrirako LGS bat izan arte”.