Aroztegia auzia
ELAren ustez, absoluzioa da bidezko epai bakarra

ELAk, epaitutako zazpi pertsonei babesa berretsi eta positibotzat jo du epaiak espetxe zigorra baztertzea, talde kriminaleko kide izatearen delitua alde batera utzi duelako. Sindikatuaren iritziz, hori albiste ona da, desobedientzia zibila eta gizarte antolaketa kriminalizatzeko saiakera desaktibatzen duelako ere.
Hala ere, sindikatuak errefusatu egin du derrigortze delituagatik zigortzea, eta astakeriatzat jo du 62.000 euroko isuna, eta errepresio ekonomiko horri kolektiboki aurre egiteko kanpaina solidarioa abian jartzeko iragarpena txalotu du.
Mobilizazio sozialari esker, Aroztegiako obrak geldirik daude, baina Udalaz gaindiko Plan Sektorialak (PSIS) indarrean jarraitzen du. ELAk behin betiko erretiratzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari, espekulazio proiektu hori behin betiko geldiarazteko.
Azkenik, gogoratu behar da epaia lehen auzialdikoa dela eta oraindik errekurtsoa jar daitekeela. Hortaz, ELA epai justu bakarra absoluzioa dela berresten du.