ELAren ustez Confebasken adierazpenak miserableak dira

2014/02/21
Miguel Angel Lujua Confebaskeko buruak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean Iberdrolaren xantaia defenditu du; ez du ezer esatekorik bankuei eta kreditu gabeziari buruz, ezta ustelkeria politiko-ekonomikoaz ere; asmatu egiten ditu lurralde etsaiak, Gipuzkoa aipatuz, eta lotsarik gabe gezurra esaten du, edozer galdetuta ere, mahaietan esertzeari uko egiten diogula botatzen duelarik. Gauza bakarra du gogoan, ELAri eta LABi gertatzen den guztiaren errua leporatzea; jarrera ziniko eta miserablea, benetan.

Doikuntza politika bete-betean dagoela, kreditua lur jota eta politikak eskutik jaten dionean, esatea gure jokabidea oztopo dela industri-proiektuak erakartzeko eta ekonomia suspertzea galarazten dugula benetako astakeria da.

Esan daiteke Lujua elkarrizketara asmo batekin joan dela: CCOOek eta UGTk Espainian egiten duten sindikalismoa defenditzea eta ELAri eta LABi erasotzea. Hortik abiatuta, hurrengo urratsa hauteskunde-lehia sindikalean sartzea zen, guri botorik ez ematea eskatzeko. Patronaleko presidenteak gutxi gora behera dio euskal langileek ez dakitela botoa nori ematen dioten. Kazetariak galdetu dionean “botoa CCOO eta UGTrentzat eskatzen ari” ote den, Lujuak erantzun du “enpresentzat ari naiz botoa eskatzen”: Argiago ezin esan.

Confebaskeko presidenteak “España marka” eta espainiar “elkarrizketa soziala” besterik ez du buruan, hots, patronalak eta sindikatuak finantzatzeko beste ezertarako balio ez duen eredu hori, eta “harreman giro ona” omen dakarrena, %27ko langabezia eta soldaten jaitsiera izugarria ekarri duelarik.

Elkarrizketan Lujuak lau enpresaren aipamena egin du: Iberdrola, La Naval, Fagor eta Tubacex. Azken honetaz gezurretan ari da Kantabrian inbertitzera lan gatazkek bultzatu dutela esatean. Gezurra erabiltzen du edozein hipotesitan enpresen exijentziei amore eman beharra dagoela esateko. Iberdrolaren kasuan, txantajista baten aldeko jarrera lasai asko aldarrikatzen du. Bakarrik falta zen esatea Iberdrolaren erabakia, La Navaleko egoera eta Fagorren krisia ere gure errua izan dela...

A zer patronala! Honelako adierazpenak entzunda ez da zaila ulertzen zergatik dauden hain eroso CEOEren altzoan eta PPren politikarekin. Hartara, guri onartu ezinekoa iruditzen zaigu euskal klase politikoaren zati handienak honelako pertsonajeei babesa ematea, edozein oreka sozialetik urrunduz.