ELAren ustez, Eusko Jaurlaritzak Justizian egin nahi duen enplegu publiko eskaintza motzegia da
Aterako dituzten plazekin justiziako beharginek pairatzen duten lan-karga izugarriaren arazoa ez da konponduko. 157 plaza ateratzea oso eskaintza urria da, bitarteko egoeran dauden pertsonak %30 inguru direlarik, hots, 620 pertsona inguru.
Bestalde, ELAk exijitu du berehala bertan behera utz dezatela erregistro zibila pribatizatzeko erabakia; zerbitzu hau orain arte Justiziako langileek eraman dute, eta sindikatu honek eskatzen du aurrerantzean ere herritarrentzat publiko eta doakoa izaten jarrai dezala. ELAk dei egiten dio Eusko Jaurlaritzari ez ditzala Madrilgo aginduak otzan bete, alegia, ez dezala ondorio larriak ekarriko lituzkeen pribatizazio hau onartu.
Ezarri nahi den erabakia oso larria denez, ELAk mobilizazioak bultzako ditu zerbitzu publiko hau Justizia Administrazioak ematen jarrai dezan.