Uriartek abiatu nahi duen Hezkuntza Itunak ez du Jaurlaritzaren konpromiso eta berme nahikorik

Gaur Lakuan burutu den bileran Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak, bere iritzian, Hezkuntza Itun baterako landu beharreko bost eremu azaldu dizkigu hezkuntza eragile ezberdinoi: bizikidetza, hizkuntzak, ebaluazioa, hezkuntza modernizatzea eta ikastetxeen autonomia. Gai hauek jorratzeko Eusko Jaurlaritzak izendaturiko pertsonaz osaturiko lan-taldeak osatzeko planteamendua egin du, lan-talde bakoitzean eragile guztion parte-hartzerik bermatu gabe.
ELAk Sailburuari eskatu dio, hausnarketa eta ibilbide hau abiatu aurretik eta eragile ezberdinok gure ikuspuntua ematen hasi aurretik, Eusko Jaurlaritzak balizko hezkuntza lege baterako oinarrizko jotzen dituen eduki zehatzak plazara ditzala. Izan ere, oraindik ez baitakigu gobernu honek hezkuntza publikoa hezkuntza sistemaren ardatz, lehentasun edota eskubide subjektibo moduan ulertzen duen edo sare ezberdinak elkarren osagarri jotzen dituen, esaterako. Bide hau egiten hasi aurretik, Jaurlaritzak oinarrizko eduki hauek mahai gainean jarri beharko lituzke eztabaida eta ibilbidea gardena izan dadin.
Bestalde, sindikatuak Hezkuntza Sailburuari galdegin dio ibilbide honen amaieran, gure hezkuntza sistema txikitzen duen LOMCE, hezkuntza lege organikoa, indarrean dagoenez, talde eta eragile ezberdinen hausnarketek LOMCEk ezarritako mugak gainditzea eskatuko balute jaurlaritza espainiar gobernuari aurre egiteko prest legokeen. Edota hausnarketa hauen ondorioz hezkuntzara bideratu beharreko baliabideak nabarmen handitzeko beharra ikusiko balitz hezkuntzarako inbertsio publikoa modu nabarian handitzeko prest legokeen gobernua.
Eskatutako puntuetan inolako konpromisorik hartu gabe, Sailburuak bidea abian jartzeko deia egin digu bertaraturiko eragileoi. ELArentzat, ordea, ez du zentzurik horrelako bide bat hastea, Euskal Herrian behar dugun hezkuntza sistema -bertako eragile eta herritarrok erabakitzen dugunaren baitan eta aurrekontu eta baliabide nahikorekin- garatuko dela bermatu gabe. Hausnarketatik irtendakoa egikaritu denaren bermerik ez baitago.