HEZKUNTZA PUBLIKOKO SUKALDE ETA GARBIKUNTZA (EAE)
ELAri arrazoia eman diote birbaremazioaren eta hartu gabeko oporren epaian

Azken asteetan, bai EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bai Lan Arloko hainbat epaitegik arrazoia eman diote ELAri, Hezkuntza Sailak 2023-2024 urtean egin zuen birbaremazio prozesuan legea urratu zuelako. Data horietan, Sailak erabaki zuen ordezkapenen araudia eta Sukalde eta Garbiketako sektorearen hitzarmena ez betetzea, ez baitzituen kontuan hartu birbaremazio prozesuan sortutako eta hartu gabeko oporrak.
Horrek ekarri zuen langile askori, batez ere lan bizitzan zehar behin-behinekotasuna gehien pairatu zutenei, sortutako opor egunak birbaremazioan ez konputatzea. Ez-betetze horren aurrean, ELAk bere afiliatuen 50 erreklamazio baino gehiago aktibatu zituen urraketa horrekin amaitzeko. Azken epaiek arrazoia ematen diote ELAri.
Erreklamazio judizialek 2023-2024ko birbaremazio prozesurako puntuazio zuzena eskatu zuten. Aurten Hezkuntza Sailak berriro urratu du legea, izan ere, berriz ere ez ditu zenbatu hartu gabeko opor egunak. Ikusiko dugu hurrengo prozesuan zein den Sailaren jarrera, baina ELAk dei egiten dio Eusko Jaurlaritzari hartu gabeko opor egunak zenbatzeko. Hala ez balitz, etorkizunean erreklamazioak aktibatuko ditu ELAk.