Elkarretaratzea egin dute Donostian ELA, LAB eta STEILASek Hezkuntza Lege aurreproiektuarekiko desadostasuna adierazteko

Miren Zubizarretak, ELAko Hezkuntza arduradunak, esan duenez, gaur elkarreratzea egin dugu kalitatezko hezkuntza aldarrikatzeko: lanpostu kopuru egokiekin, kopuru horien bermeekin, egonkortasuna, lan karga eta ratio egokiekin. Guztia hezkuntza sistema euskalduna, burujabea, inklusiboa, propioa eta publikoa lortzeko.
Kalitatezko hezkuntza sistema nahi badugu, beraz, hezkuntzako langileen lan baldintza egokiak ere behar dira.
Hezkuntza Sailaren Lege aurreporiektuak, ordea, ez die eskari horiei erantzuten. Ez euskarari dagokionez, ez sare banaketari, ez lan baldintzei. Egungo sistema betikotzeko asmoa duelako.
Gainera, eta hau da bereziki salatu nahi duena ELAk gaur, Hezkuntzako langileen iritzia eta lan baldintzak kontuan hartu gabe ari da Jaurlaritza Hezkuntza Legea idazten. Hainbat erabaki langileen ordezkariekin partekatu eta adostu gabe hartu dituzte, funtsezkoak izangatik ere. Ez dago elkarrizketarik.
Adibidez, hori gertatzen ari da planifikazio dekretuarekin, eskolatze dekretuarekin edota Haurreskolak Partzuergoaren doakotasunaren ezarpenarekin.
Eta hainbat zalantza daude:
Planifikazio dekretuan, adibidez. Lerro bakarreko eskolak ixteko arriskua ikusten dugu. Baina ez dago fororik Jaurlaritzarekin horri buruz aritzeko, eta jakiteko zer gertatuko den langile horiekin, eta zein baldintzetan arituko diren.
Haurreskolen doakotasunean ere, ikusteke dago nola egin nahi duten hori: doakotasunaren aldekoak gara, noski, baina hezkuntza sistemako gainerako langileen lanpostuetan izan ditzakeen eraginak aintzat hartu behar dira, eta hori ere argitu eta adostu behar da.
Gainera, Hezkuntzako langileen erdia behin-behinekoa da, eta hori ere nola bideratuko duen ez du argitzen Jaurlaritzak.
Beraz, kalitatezko hezkuntza sistema nahi bada, hori bideratuko duen Hezkuntza Lege bat behar dugu, eta ezinbestean langileokin ere erabaki eta adostu beharko du Jaurlaritzak. Benetako elkarrizketa eskatzen diogu horregatik Jaurlaritzari, langileen lan baldintzak ere mahai gainean jartzeko.
Gure leloan diogun bezala Hezkuntza Legea langileokin eraikitzea aldarrikatzen dugu.
Hurrengo mezua adostu dute ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek:
Sindikatuek, EAErako Hezkuntza Lege aurreproiektuari ezezkoa esateko, eskaerak plazaratzeko eta Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrera bidali beharreko behin betiko aurreproiektuan zein ondorengo Hezkuntza Legean langileen eskaerak jasoak izateko asmoz mobilizazio eta greba dinamika bat dute adostua. Gaurko elkarretaratzea dinamika horren baitan kokatzen da.
ELA, LAB eta STEILASek Hezkuntza sistemako langile guztiak mobilizazioetan parte hartzera animatu dituzte, balizko Hezkuntza Legea izango bada langileokin eraikitakoa izango delako. Oraingo aurreproiektuaren zirriborroa aztertuta, egungo hezkuntza-eredu duala betikotu eta gainditze bidean jartzen ez duela baloratu dute hiru sindikatuek. Eta aldi berean, sare publiko bakar, euskaldun eta propiorako bidea egin beharko lukeen legea behar dugula partekatzen dute.
Hezkuntza Legearen behin-betiko aurreproiektuan sindikatuen aldarrikapenak jasoko ez balira, egindako mobilizazio eta greba dinamikak baloratu eta ondoren etorriko den Legebiltzarreko izapidetzan zehar, hurrengo mobilizazio dinamika definituko dute.
Hurrengoak dira hiru sindikatuek adostutako aldarrikapenak:
1.- Publikoa ardatz izango duen hezkuntza legea nahi dugu.
2- Segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatuko duen legea nahi dugu.
3.- Publifikazio-marko eta araudi orokor eta adostua ezartzea nahi dugu.
4.- Hezkuntza lege propioa nahi dugu.
5.- Inbertsio eta baliabide nahikoa izango dituen hezkuntza legea nahi dugu.
6.- Euskara erdigunean jarriko duen Hezkuntza legea nahi dugu.
7.- Betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak dituen legea nahi dugu.
8.- Hezkuntza sistema osatzen dugun langile guztion enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituen legea nahi dugu.
9.- Merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo den hezkuntza legea nahi dugu.
10.- Hezkuntza lege parte-hartzailea nahi dugu, langileak aintzat hartuko dituena.