Emica Bombas: bi hilabetez greban eta administrazioak ezikusiarena egiten du

2015/09/14
Emica Bombas: bi hilabetez greban  eta administrazioak ezikusiarena egiten du
ELAk salatu du lehenengo egunetik enpresa greba-eskubidea urratzen ari dela, greba-batzordeari ez baitzaio lantegira sartzen uzten; gainera, grebalarien ordezkapen ilegala gertatzen ari da, eta produkzioa propio beste enpresa batzutara eramaten dute. Hau dena Bizkaiko Lan Ikuskaritzari jakinarazi zaio, baina ia bi hilabete darama txintik esan gabe.

Emica Bombaseko langileek honez gero bi hilabete daramate greban, enpresa-hitzarmen bat lortzeko helburuarekin; izan ere, hitzarmena baita zuzendaritzak aplikatu nahi izan duen erreforma laboraletik blindatzeko modua.

Enpresaren eta bere aholkulari juridikoen jarrera itxia gatazka luzatzen ari da. Beharginak ziur daude enpresa-hitzarmen bat lortuko dutela, hau baita lan-baldintzak bermatu eta hobetzeko aukera ematen duen marko legal bakarra. Horregatik irmo jarraitzen dute, eta akordio duin bat iritsi arte eusteko prest daude.

Bere aldetik, ELAk salatu du lehenengo egunetik enpresa greba-eskubidea urratzen ari dela, greba-batzordeari ez baitzaio lantegira sartzen uzten; gainera, grebalarien ordezkapen ilegala gertatzen ari da, eta produkzioa propio beste enpresa batzutara eramaten dute. Hau dena Bizkaiko Lan Ikuskaritzari jakinarazi zaio, baina ia bi hilabete darama txintik esan gabe.

Greban dauden langileek agintaritza laboralari galdegiten diote bere ahalegin guztiak egin ditzala gatazkan oinarrizko eskubideak urra ez daitezen, eta bere isiltasunarekin ez ditzala enpresaren interesak babestu.