Enpresa publikoetako langileei 2010 eta 2015 urte bitartean legez kontra kendutako soldata ez itzultzea erabaki du Jaurlaritzak

2017/01/26
%5eko soldata legez kontra kendu zitzaiela aitortu arren, Urkulluren ejekutiboak ez die lapurtutako guztia itzuliko euskal enpresa publikoetako langileei .ELAk prozedura juridikoarekin aurrera egingo du eta dagozkion demandak aurkeztuko ditu epaitegietan.

Konstituzio Auzitegiak Aurrekontu Legearen 23.9 artikulua deusez deklaratu zuen 2015eko uztailaren 31ko Epaiaren bidez. Konstituzio Auzitegiaren ebazpenaren arabera, Estatuko arauak (8/2010 EL-D) kidego hori soldata-murrizketatik kanpo utzi arren, Patxi Lopezen gobernuak bere kabuz egin zuen murrizketa, estatuko legeria urratuz.

Auzitegi Konstituzionalak epai hau eman eta neurria erabat legez kontrakoa izan arren, Urkulluren Gobernuak murrizketa hau aplikatzen jarraitu du. Azkenik, 1.600 Euskal langileri baino gehiagori eragiten dieten 15 epai baino gehiagok behartu dute 2015eko uztailak 31tik aurrera (Auzitegi Konstituzionalaren epaiaren data) soldata berrezartzera .

Epai hauek, 2015eko uztailak 31tik soldata berrezartzera behartzen dute soilik, baina Jaurlaritzak 2010 eta 2015 bitartean kendutako soldata zor die oraindik langile hauei. ELAk, epealdi horri dagozkion kopuruak kalte ordain moduan eskatuz erreklamazioak aurkeztu zituen 400 langile baino gehiagoren izenean.

Aste honetan jaso ditugu erreklamazio hauen inguruko Ebazpenak. Eusko Jaurlaritzak legez kontrakoa den erabaki bat hartu eta mantendu izanari dagokion erantzunkizun politikoa bere gain hartu eta langile hauei zor dien guztia itzultzeko erabakia hartu ordez, erreklamazio hauek ez onartzea ebatzi du.

ELAtik prozedura juridikoarekin aurrera egingo dugu eta dagozkion demandak aurkeztuko ditugu epaitegietan. Argi dago, pasa den astean egindako adierazpenak egin arren, Jaurlaritzak ez duela borondatez itzuliko nahita eta legez kontra langile hauei lapurtu ziena.