Enpresaren inmobilismoaren aurrean, greba mugagabearen jarraipena ia erabatekoa izaten ari da bigarren astean ere
Jundizen dagoen Cast Metal Vitoria enpresako langile gehienek (plantillan 200 daude) greba mugagabea egiten jarraitzen dute, negoziazioa desblokeatzeko eta enpresa hitzarmen berria lortzeko. Enpresa batzordearen arabera, langileen %97 greba egiten ari da, eta horrek agerian uzten du lan baldintzak aldatzeko eta hobetzeko borondatea eta batasuna dagoela.
Urtebete baino gehiagoko negoziazioetan aurrerapausorik eman ez denez, greba mugagabea deitu zen otsailaren 9tik aurrera, enpresaren immobilismoa dela eta, egoera desblokeatzeko eta soldatetan, lanaldian eta lan baldintzetan benetako hobekuntzak dituen hitzarmen kolektiboa lortzeko.
Gainera, enpresa batzordeak azpimarratu du beti egon dela negoziatzeko borondatea, baina negoziatzeko zailtasunak areagotu egiten direla enpresaren jarrera immobilistagatik, etengabeko blokeoan dagoelako. Egoera horren aurrean, zuzendaritzak bere erantzukizuna behingoz bere gain hartzeko eta negoziazioa desblokeatzeko urratsak emateko eskakizunari eusten diote.