Benito Menni - Elizondo
Erabiltzaileen senideek zentroko murrizketak salatu eta langileen greba babestu dute

Elizondon Hermanas Hospitalariasek duen Benito Menni zentroan murrizketak egin nahi dituzte. Zentroak dituen hiru eraikinetatik bat itxi, ohe kopurua murriztu, eta 15 langile kaleratuz. Neurri hauek, ematen den zerbitzua murrizteaz gain, kalitatearen okertzea ere suposatzen dute, izan ere, erabiltzaile asko Iruñera lekualdatu beharko lirateke, eta beste asko irekita gelditzen diren beste bi eraikinetan pilatu, lehen gelan bakarrik zeudenak, gela partekatzera behartuz.
Langileak azarotik ari dira neurri hauen aurka mobilizatzen eta grebak egiten. Eta aste honetan, otsailaren 3tik 8ra greba deitua dute.
Egoera honen aurrean, Benito Menniko erabiltzaileen senideek prentsaurrekoa eskaini dute egoera salatuz. Alde batetik, erabiltzaileek jasan duten zaintzaren kalitatearen okertzea salatu dute, eta enpresak onura ekonomikoak erabiltzaileen ongizatearen gainetik jarri duela gaitzetsi. Gainera, enpresak ez diela murrizketak planteatu eta bi hilabete pasa arte ezer esan ere salatu dute, erabiltzaileak langileen aurka jartzeko hertsatuz gainera. Beste alde batetik, Nafarroako Gobernuaren ardura salatu dute, diru publikoz sostengatzen den zerbitzua baita Elizondokoa. Eta azkenik, langileen mobilizazio eta grebei babesa eman diete egoera leheneratzeko bide gisa.