Lanbideko langile baten aurkako erasoa salatu du ELAk
Erasoa jasan duen langileari gure elkartasuna adierazten diogu, eta Administrazioari berriz ere eskatzen diogu neurri egokiak hartzeko, horrelako gertaera arbuiagarriak errepika ez daitezen. Edonola ere, erakundeetako arduradunei ere zuhurtziaz jokatzeko eskatzen diogu, zeren batzuetan egiten diren adierazpenen ondorioz jo-puntuan jartzen dituzte Lanbideko langileak, nahiz eta arazoekin zerikusirik ez izan.
Bestalde, gertaera deitoragarri horiek agerian uzten dute Lanbideren bulegoetako lanpostuak ez direla Administrazioko gainerakoak bezalakoak, eta hortik gure eskakizuna berariazko balioespena egiteko. Gobernuaren proposamena, beraz, soldata-mailak jaistekoa, ez da onargarria.
Horiek bezalako gertaeren ondotik benetan zaila da langileei lanean normaltasunez jarraitzeko eskatzea, are zailagoa Gobernuak kaleratu nahi dituenei, gainerakoena ez den beste formula batez (programa) kontratatu zituelako kaleratu nahi dituenei.
Negoziazio Mahaian berriro aterako dugu segurtasun-neurrien eskasiaren eta arriskuen prebentzioaren arazoa, LANBIDEko bulego guztietan agertzen baita; eta toki-bulegoetako langileei berariazko balioespena egiteko beharrizana azpimarratuko dugu.