PENTSIOEN ERREFORMA

Erreformari ez, 2011eko murrizketak betikotzen eta norabide horretan urrats gehiago egitea dakarrelako

2023/03/28
Euskal Herriko, Galizako eta Kataluniako ELA, CIG eta Intersindical sindikatuok errefusatzen dugu Espainiako gobernuak Errege Lege Dekretuz ezarritako pentsioen erreforma, eta iragarri nahi dugu gure lurraldeetan koordinatuta mobilizatuko garela.

 

ADIERAZPEN BATERATURA HEMEN

1. Erreformak murrizketak dakartza

Erreformaren inguruko diskurtso hegemoniko bat eraiki nahi da, eta argudio gisa adierazi nahi dute ez dagoela murrizketarik. Hori gezurra da. 50 urtetik beherako langileek jasoko dituzten pentsioak murriztuko dira, izan ere, epealdi iragankor baten ostean zenbatekoaren kalkulua egiteko azken 25 urteak aintzat hartu ordez azken 29ak hartuko dira kontuan (24 hilabete kenduta).

Murrizketa ukatzea gezurretan ibiltzea da. Kontuan izan behar da, gainera, neurri horrekin areagotu egiten dela kalkulurako urte kopurua handitzeko joera: 29 urteak ez dira azken helmuga, egungo 25ak ez ziren bezala, ez eta 2011ko 15ak edo aurretik zeuden 8ak ere.

2. Erreformak epe laburrean murrizketak egiteko atea irekitzen du

Erreformaren beste gezur handietako bat da sistema epe luzerako bermatuko duela. Aitzitik, benetan adostutakoa zera dela: 2025eko martxoan, eta hortik aurrera 3 urtero, Airef erakundeari -Escriva ministroak gidatu izan zuen agentzia neoliberalari- ahalmena emango zaio pentsio sistemaren egoera aztertzeko eta neurriak proposatzeko. Horiek etorkizuneko murrizketen oinarri izango dira.

3. 2011ko erreformak ezarritako murrizketa bat bera ere ez da bertan behera utziko

2011n Zapaterok adostu zuen CCOO, UGT eta CEOErekin pentsioen murrizketa gogor bat: erretiro adina 65 urtetik 67ra atzeratu zen; pentsioa kalkulatzeko 15 urte ordez 25 urte ezarri zen; erretiro aurreratuen pentsioetako murrizketa. Gobernu aurrerakoi bati galdegin behar zaio atzera bota ditzala aurreko gobernuek egindako eskubide murrizketak. Erreforma honetan, ordea, ez da halakorik egin. Erretiro adina bere horretan utzi dute. 2021eko erreforman okertu egin zuten, eta pentsioaren kalkulurako urteak ez dira 25 urtetik 15era jaitsiko. Kontrara, 25 beharrean 29 izatera pasako dira.

4. Gutxieneko pentsioak pobrezia mailaren azpitik daude oraindik

Propaganda gutxieneko pentsioen gaian ere agerikoa da. Egia da 4 urteren buruan mailakako hobekuntza adostu dela, baina oso txikia da hori, eta lau urte horietan ia ez da antzemango. Gainera, komunikabideetan 1.200 euroren erreferentzia nabarmentzeagatik ere, ez da egia esaten: 2027rako ezarri diren irizpideen arabera, gutxieneko pentsio asko 900 eurotik behera egongo baitira, baita 800 eurotik behera ere.

5. Genero arrakalak hor dirau

Emakumeen eta gizonen pentsioen artean dagoen aldea murrizteko neurriek ia ez dute eraginik izango. Areago, esan daiteke pentsioa kalkulatzeko urte kopurua 25etik 29ra handituz gero, emakumeek pairatuko dutela kalterik handiena.

6. EBren erreforma, egungo garaiekin bat ez datorrena

Europar Batzordeak, hau da, hautaketa demokratiko batetik ez datorren organoak, onetsi du PSOE eta Unidas Podemos alderdien koalizio gobernu espainiarrak erabaki duen pentsio sistemaren erreforma. Batzordeak erreformaren onarpena baldintza gisa ezarri zuen espainiar Estatuak Next Generation funtsen hirugarren ordain bat jaso zezan, hain zuzen guztira 2021-2023 epealdirako aurreikusitako 70.000 milioietatik 9.000 milioi.

Pentsio sistema publikoaren erreforma ez da eragile sozial guztientzat irekita zegoen eztabaida demokratiko baten ondorio izan; lege-dekretu bidez erabaki da (neurriaren garrantzi soziala oso handia izanagatik ere) eta Europar Batasunaren gobernu-organoaren estortsiopean egin da.

7. Pentsio erreforma atzerakoia, sistema publikoaren pribatizazioa areagotzen duena

Pentsioen erreforma atzerakoia da; pentsio plan pribatuak sustatzen ari diren testuinguruan dator. Hala egin zuen Pedro Sanchezen gobernuak 2022ko uztailean Enpleguko Pentsio planak arautzean. Sektorekako pentsio plan pribatuak dira, negoziazio kolektiboaren bidez sustatuak, finantza erakunde edo aseguro etxeek kudeatuak, eta baliatu nahi dituztenak negoziazio kolektiboaren estatalizazioa areagotzeko.

Horregatik guztiagatik, ELAk, CIGek eta Intersindicalak erabaki dugu gure lurraldeetan mobilizazio dinamika bati ekitea, honako helburuekin: erreforma hau arbuiatzea; erretiroa 65 urterekin izan dadin eskatzeko; pentsioa kalkulatzeko 15 urteko epea aldarrikatu, eta eskatu legez berehala ezartzea 1.260 euroko gutxieneko pentsioa, hots, batez besteko soldataren %60 inguru, Europako Karta Sozialak gomendatzen duen moduan.

Dei egiten diegu alderdi politikoei murrizketak errefusa ditzaten eta hitza eman dezaten neurriok biltzen dituen erreformarik ez dutela babestuko.

Dinamika honetako mugarriak izango dira martxoaren 29a Galizian, apirilaren 4a eta 20a Euskal Herrian eta martxoaren 30a Katalunian.

TESTUA OSORIK HEMEN