Errenta altuek eta kapitalek zerga gehiago ordaindu behar dute
ELAk gaur goizean Bilbon Euskal Herriko eredu fiskalari buruzko eztabaida jardunaldi bat antolatu du; era berean, sindikatuak gogoratu du fiskalitate justuagoa lortzeko alternatibak zein diren. Nabarmendu denez, euskal ogasunek diru bilketa hobetzeko izugarrizko tartea daukate: Europako batez besteko presio fiskala aplikatuz gero EAEn 5.700 milioi euro gehiago lortuko lirateke, eta 1.800 gehiago Nafarroan.
Muñozek kritikatu egin ditu euskal administrazioak egiten ari diren ezkutuko murrizketak, defizita gutxitu eta zorra ordaintzeko asmoz: "Diru bilketa berriro jausten ari denez, Urkulluren gobernuak, joan den urrian egin zuen bezala, iragarri du dagoeneko murrizketa gehiago izango direla".
Bestalde, Mikel Noval gizarte-politikako arduradunak salatu du fiskalitatea enpresarioen zerbitzura dagoela eta administrazioek "onartu ezineko permisibitatez jokatzen dutela enpresen iruzurrarekin, batik bat errenta altuenei dagokienez". Novalek zergen gai honetan informazioa eta parte hartzea beharrezkoak direla aldarrikatu du, eta aurreratu duenez sindikatuak mobilizazioari eutsiko dio, harik eta zerga-politika erabat aldatu arte.