Ertzaintzaren zuzendaritzak ez ditu beharrezko erabakiak hartzen futbol zelai baten inguruan berriro tragedia bat gertatzea saihesteko

2015/02/17
Joan den astean Athleticen eta Espanyolen arteko partidua hasi aurretik izan ziren gertakariek agerian utzi zuten antzeko egoeretarako protokolorik ez dagoela.

ELA-Ertzaintzaren ustez, joan den asteazkenean Athleticen eta Espanyolen arteko Kopako partida aurretik gertatu ziren istiluek agerian utzi zuten Zuzendaritzak ez dituela behar besteko neurriak hartu futbol zelai batean tragedia berririk gerta ez dadin.

ELA-Ertzaintzaren iritziz, egun horretan nabarmen geratu zen egoera hauetarako protokolorik ez dagoela eta aski ertzain ez dela bidaltzen; ondorioz, San Mamesera joandako zaleentzat eta ertzainentzat arriskua izan zen. Beste behin exijitu diogu Estefania Beltran de Heredia buru duen sailari antzeko egoerak berriro gerta ez daitezen har ditzala behar diren erabakiak.

Bestalde, ELA-Ertzaintzak eskatu du Iñigo Cabacasen heriotza ostean hasitako auzibidea azkarrago gauza dadila. Sindikatu honentzat joan den asteburuan Segurtasun Saileko arduradunek egin dituzten adierazpenak berandu datoz; agintariek beren ardurari muzin egiten diote, eta gertatu zenaren azken ardura istiluetan izan ziren ertzainei leporatu nahi diete.