Esklabutza salatu du ELAk Gasteizko Udalaren menpeko eraikuntza lanetan

2014/05/29
ELAk salatu du Gasteizko herri-lan batean baino gehiagotan ikusi ahal izan duela lan-baldintzak hondatzen gero eta gehiago, amaitzerik ez duen soka bat bailitzan.

Azken urteotan sarritan salatu dugun bezala, krisia baino lehenagotik genuen gaitza hedatu da obretan: legeria, orokorrean, ezta funtsezkoena ere, ez da aplikatzen; eta, zehazkiago, hitzarmen kolektiboak ez dira aplikatzen.

Gasteizko herri-lan batean baino gehiagotan ikusi ahal izan dugu lan-baldintzak hondatzen gero eta gehiago, amaitzerik ez duen soka bat bailitzan.

Soldatak 5 eta 7 €-koak dira —lan egindako ordu bakoitzeko—, lanaldi amaigabeak, lan-segurtasun eta osasuneko neurririk ez, muturreko erritmoak, eta abar luze bat. Hori da eraikuntzako langileen eguneroko ogia. Gure herrialdean gaur egun ditugun 237.000 langabeak etengabeko xantaia moduan erabiltzen dituzte: "nik esaten dudana ez baduzu egiten, ez itzuli hona bihar".

Gure gaurko kasuan, Salburuako Gizarte Etxearen eraikuntza, egoera ikaragarria da. Gasteizko Udalak lau haizeetara iragarri zuen hiriko zenbait obraren eraikuntza, eta horrek enplegua nabarmen suspertuko zuela.

ELAko arduradunek obra hori hainbat hilabetetan bisitatu ondoren, argi baino argiago dago nolakoa den egoera. Azpikontrata bateko hamabi langile guztiz zapalduta daude, bai lan-baldintzetan, bai bizimoduan:

  • Lanaldi amaigabeak, 11 ordu baino gehiago egunean.

  • Lan egiteko erritmo azkarregiak.

  • Soldatek ez dute betetzen, ezta hurrik eman ere, Arabako Eraikuntzaren Hitzarmenean ezarritakoa. Langile batzuek 1.000 € inguru kobratu dute, baldintza horietan hiru hilabetetan lan egitearen truke.

  • “Patera” etxebizitzak. Azpikontrata horretako langileak estatuko hainbat lekutatik etorri dira, eta Gasteizko etxebizitza batean bizi dira pilaturik, asmaezinezko baldintzetan.

  • Lanetik botatzen badituzte, berehala utzi behar dute etxea, eta kale gorrian geratzen dira, nora joan izan gabe. Hori dela-eta, enpresari aurka egin baino lehen, hamaika aldiz pentsatu behar dute.

Eskema errepikatzen da:

  • Dena delako obra bat konkurtso publikoan eskaintzen du kasuan kasuko administrazioak. Enkanterako prezioa azterketa tekniko baten arabera ezartzen da. Oraingo kasuan Gasteizko Udalak 12,5 milioi eurotan eskaini zuen obra.

  • Hortik aurrera enkante zantarra dator. VIAS Y CONSTRUCCIONES OPAKUA UTEak konkurtsoa irabazi zuen, 8,9 milioi eurotan, hasierako prezioa %30 jaitsita.

  • Zapalkuntzaren txanda. Langileek —azpikontratatuak, izutuak eta lan egiteko premia gorrian— ez dute besterik esklabutza-baldintzak onartzea baino. Burutze-epeak zorrozki bete behar dira, gizarte-etxea unean uneko politikariari ondo datorkion datan inauguratu behar delako.

ELAREN EKIMENAK

  • Gertakari horiek Lan Ikuskaritzan salatu ditugu, oraingo honetan ere erantzunik jaso gabe. Antzeko gertakariengatik jarritako salaketek ere ez dute erantzunik izan Lan Ikuskaritzaren aldetik.

  • Udal bulegoen obretan egin genuen bezala, Lan Harremanen Kontseiluari (PRECO) arduradunen agerraldia eskatuko diogu (Gasteizko Udala eta UTE). Udal bulegoen kasuan udalak errefusatu zuen, udalak ez baitzuen obra zuzenean esleitu. Orain ezin dute aitzakia bera argudiatu.

  • Aztertzen ari gara ekintza penalak bultzatzeko aukera, langileak “patera” pisuetan pilaturik bizi izateagatik.

Gasteizko Udalaren menpeko herri-lanak eredugarri izan beharko ziren, legezkotasunaren eta duintasunaren aldetik; gezurra dirudi hain baldintza gizagabeetan lan egin behar izatea. Tamalez, herri-erakunde gehienek beste aldera begiratu ohi dute, langileen legezko baldintzen gainetik obra-negozioaren interesa nagusitzen den guztietan.

ELAtik sistematikoki salatu izan dugun bezala, gehiegizko lanaldiak, erritmo azkarregiak eta hitzarmena ez betetzea indarrean dagoen legeria urratzea da, eta sektorean jasaten den lan-ezbeharren tasa handien arrazoi nagusia. Heriozko istripu bat gertatu behar da Udalak esku har dezan? Zoritxarrez halaxe gertatzen da sarri askotan.

Aipaturiko obrak berehala erregularizatzea espero dugu. Osterantzean, Gasteizko Udaleko gobernu-taldeak herritarren aurrean erantzun beharko du basatikeria horregatik.