Espainian botere judizialari ere kiratsa dario

2015/01/21
Auzitegi Nazionalak eta Gorenak hartu dituzten azken erabakiek agerian uzten dute PPk kontrolpean dituela esparru judizial horiek. Espainiar estatuan botereen zatiketarik ez dago.

Gobernuak erraz lortzen du epaileek bere aldeko ebazpenak diktatzea; nahikoa du kontutan izatea auzitegien konposizioa -alderdi berarekin adostua, kuota politikoen arabera- eta Auzitegi Nazionaleko goardia-txandak zeintzu diren. Egitate larri hau Auzitegi Nazionalaren, Auzitegi Gorenaren eta Konstituzionalaren zati handi batekin gertatzen da. Soilik europar auzitegiek alda ditzakete epaile horien erabakiak, baina hainbat urte geroago; hori izan zen Parot doktrinaren kasua.

ELAren ustez nazkagarria da Barcenasi behin-behineko askatasuna ematea. Pribilegiozko tratuarekin mezu bat ematen dute: “Guretako bat da”. Hala da; bera eta PPko beste bi diruzain inputatuta daude. Halaber, salatu egin behar ditugu euskal presoak defenditzen dituzten abokatuen aurkako operazioak, zigorrak zenbatzerakoan EBko beste estatu batzutan betetako espetxealdia aintzat ez hartzeko erabakia, edota Santiago Arrospideren aurka auzibide berriak ireki izana 27 urtetik gora kartzelan igaro ondoren. Zalantzarik ez dugu erabakion atzean PPren bultzada politikoa dagoela.

PPk bi helburu ditu. Lehena, iritzi publikoaren arreta saihestea eragiten dioten ustelkeria kasuetatik; horretarako erraietatik jaulkitako jokabide irrazionalak xaxatu nahi ditu, inkesten arabera aurreikusten diren emaitza txarrak hobetu nahian. Bigarrenik, bere politika guztien mamia inboluzioa da. Espainian agintzen duen alderdiaren xedea zeuden aurrerapen demokratiko eta sozial apurrak birrintzea da.

Komenigarri litzateke euskal indar politikoek estrategiak erabakitzerakoan ebidentzia hau kontutan izatea. PPrekin partekatzeko dagoen bakarra politika neoliberalak dira (hain zuzen, horretan ari dira). Beste guztia aldebakarrekoa eta inboluzio hutsa da.