Espainiar gobernuak enplegua suntsituz eta lan-baldintzak murriztuz jarraitzen du zerbitzu publikoetan
Estatuko Herri Administrazioen Mahai Orokorraren gaurko bilera, non ELA ere egon den, elkarrizketa sozialaren porrotaren beste adibide bat izan da, ez baitu eduki jakinik, eta agerian geratu da mobilizazioaren beharra.
ELAren iritziz Espainiar Gobernuak eta CSIF, CCOO eta UGT sindikatuek enplegu-arloan izenpetu duten akordioa erabat eskasa da. Austeritate-politiken jarraipena besterik ez da, eta gogoratu beharrekoa da politika horien ondorioz milioi erdi lanpostu publiko baino gehiago suntsitu direla 2011tik hona. Gainera, hauspoak ematen dio Gobernuari, Europako epai berriak direla-eta, herri-administrazioei mugak jarri baitzaizkie aldi baterako kontratazioa gehiegizkoa ez izateko. Sinatutako akordioaren arabera ez da igoko gastua, ezta baliabideak ere. Horrekin batera, zenbait sektoretan proposatzen diren birjarpen-tasak %50ekoak dira; beraz, enplegu gehiago suntsituko da, eta babesa emango zaio Gobernuari sektore publikoa pribatizatuz jarraitzeko ahaleginetan.
ELAk bileran salatu du gure sindikatuaren ekarpenetako bat ere ez dela onartu Gobernuaren aldetik. ELAren proposamenak hauek ziren: birjarpen-tasak sektore guztietatik kentzea, eta esku ematea autonomia-erkidego guztiei, EPEak eta enplegua finkatzeko prozesuak abiarazteko, eta horrela plantillaren egitura-beharrizanak betetzearren.
Soldatei dagokienez, Gobernuak %1eko igoera proposatu du, KPIren azpitik; horrela, eroste-ahalmenak beste galera bat izango du, dagoeneko %15 baino gehiago metatu dena.
Halaber, Espainiar Gobernua, CSIF, UGT eta CCOO sindikatuen ezin eskertuzko laguntzaz, oinarrizko legeriaz baliatu da berriro, Hego Euskal Herriko (Nafarroa eta EAE) administrazioetan lan-baldintzak edo enplegua negoziatzea eragozteko.
ELAk Espainiar Gobernuari exijitu dio lasterketa austerizida horri amaiera eman diezaiola, kohesio soziala, zerbitzu publikoak eta langileen lan-baldintzak txikitzen ari baitira; eta azken urteotan galdutako enplegua, eskubide laboral eta sozial guztiak berreskura ditzala. Era berean, eskatu dio Hego Euskal Herriko administrazioetan lan egiten duten langile guztiei utz diezaiela gure esparruko enpleguari eta lan-baldintzei buruzko erabakiak hartzen.
Bestalde, bileran egon diren Urkulluren eta Barkosen gobernuen ordezkarien utzikeria salatzen du ELAk, ez baitiete beren gaitzespena agertu Espainiar Gobernuaren murrizketei, ezta gure esparruan izan beharreko erabakitze-gaitasunean oinarrizko legeen bidez sartzeari ere.
ELAk galdatzen die hemengo bi gobernuei, foru-aldundiei eta toki-erakundeei dagokien erabakitze-esparrua zaintzeko, eta Espainiar Gobernuaren jarraibideak alde batera uzteko. Beste behin, gure botere publikoek erabaki behar dute politika antisozialen transmisio-uhal hutsa izan nahi duten ala, kontrara, ordezkatu behar duten gizartearen garapenaren eta kohesioaren aldeko apustua egin nahi duten.
Azkenik, langileei dei egiten diegu mobilizazioetan jarraitzeko. Hori da geratzen den bide bakarra, ebasten ari zaizkigun baldintza laboral eta sozial guztiak berreskuratu nahi baditugu behintzat.