Estatalizazioak kalte larria eragiten die lan-baldintzei
ELAko Batzorde Eragilearen agerraldiarekin aparteko garrantzia eman nahi izan zaio negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren salaketari. ELAren aburuz estatalizazioaren estrategiak helburu argi bat du: erreformei ahalik zuku gehien ateratzea etekinak ugaltzeko, pobretutako lan-baldintzen kontura. Hala jokatzen du, esaterako, Mondragon Korporazioak (MCC zenak), erabat ukatzen baitu euskal eremuan Autonomi-Erkidegoko edo enpresako hitzarmenak negoziatzeko aukera; bere langileei aipatutako Sukaldaritzako Hitzarmen estatala aplikatzen die.
ELAren esanetan CCOOen eta UGTren jarrera hipokrisia hutsa da."Madrilen Zapateroren erreformaz baliatzen dira eragozteko euskal gehiengo sindikalek erabakitzea non eta zer negoziatu nahi duten".
Bestalde, EAJren jokabideak ez dauka zerikusirik 1994an negoziazio kolektiboa zentralizatzeko saioa izan zenean agertu zuenaren aldean. Orduko hemerotekari begira, deigarria da PSOEren eta EAJren arteko akordio hura sasoi hartan Lan ministroa zen Griñanek nola defenditu zuen CCOO eta UGTren kritikei aurre eginez: “EAJrekin adostutako aldaketarekin ez da ezer hausten. Gauza bakarra gertatzen da, negoziazio kolektiboaren artikulazio handiagoa eta askoz ere demokratikoagoa”. Esan bezala, hogeita bi urte igarota EAJren posizio politikoak izan duen atzerakada oso larria da.
ELAk euskal indar politiko guztiei helarazi nahi die aberastasunaren banaketarako tresna egokirik gabe autogobernua hutsala dela: ez dago autogobernurik negoziazio kolektiborik gabe; ez dago autogobernurik lana duintzeko eta aberastasunaren banaketa zuzenagoa egiteko lagungarri diren hitzarmenak indargabetzen badira.