Etbko zuzendaritzak planteatu duen langile murrizketak ez du inongo justifikaziorik

2015/11/30
Etbko zuzendaritzak planteatu duen langile murrizketak ez du inongo justifikaziorik
ELAren atal sindikalaren aburuz zuzendaritzak mahai gainean jartzen duen plantilla murrizteko asmo horren helburua ez da inondik inora ETB euskal gizarteak eskatzen duen kalitatezkoa,askea eta plurala den telebista publikoa.

Uda hontan EITBko zuzendaritzak adierazi zigun %20 murriztu nahi duela ETBko lantaldea 6-8 urteko epean, 120 langile gutxiago, gutxi gora behera. Dirudienez, zuzendaritzak uste du langileak soberan daudela, gehiegi garela eta 120 langile gutxiagorekin gaur egungo jardunari eutsi diezaiokela.

Guk enpresaren atal batzuen funtzionamendua aztertu egin ditugu eta azterketa egin ondoren gure ondorioa oso bestelakoa da. ETBn ez dago inor soberan.

Guk esandakoa berresten duten datuak

  • kontratazioa: 2015eko urtarriletik iraila bitartean, 9 hilabetetan, ETBk 15.000 lanaldi kontratatu ditu, ia 11.000 Bilbon eta 4.400 baino gehiago Miramonen, 88 langileen lana gutxi gora behera.

  • Kontratatu diren ENG taldeak: Azken 5 urteetan, bataz beste, 20.000 irteera kontratatu dira urtero; 35.000 ordu eta horietatik 15.000 ordu estrak.

  • Mandatuzko produkzioak: 2.014an beste enpresa batzuei kontratatuko produkzioen kostua 19.5 milioi eurokoa izan da. 25 produktora inguruk egiten dituzte lanak ETBrentzat, bere egoitzetan edo kanpoan ere. Ez dakigu zenbat langilek egiten duten lan enpresa horietan, ezta haien lan baldintzak nolakoak diren ere. Baina azpimarratu nahi dugu kontratu horien gardentasun eza, askotan lehiaketa publikorik gabeak izaten direla eta hainbatetan produktorak sortzen direla propio saio zehatzak egiteko.

  • Unitate mugikorren kudeaketa: Oso egoera larria aurkitu dugu unitate mugikorren kudeaketan ere. 2015eko urtarriletik urria bitartean 162 lanaldi kontratatu dira erretransmisioak egiteko, eta horietatik 83 alditan etxeko unitate mugikor bat geldirik zegoen, lanik egin gabe. Are larriago, 34 aldiz etxeko 2 unitate mugikor zeuden geldirik inolako lanik planifikatu gabe. Esan behar da UM baten lanadiaren kostua 2.000 eta 6.000 euro bitartekoa dela, lanean dituen kamara kopuruaren arabera. Eta kontuan hartu behar da geldirik dauden langileen soldatak berdin ordaindu behar direla.

UM

lanaldia

lizitazio kostea

6 kamara

10

5700

4 kamara

10

3500

3 kamara(mezak)

10

2800

low cost 3.kotxerik gabe

10

1400

low cost 2.kotxerik gabe

10

1200

Askotariko aitzakiak eman ohi dira etxeko unitateak ez erabiltzeko: handiegiak direla, kamara, audio teknikaria edo ingeniaría kontratatu behar dela taldea osatzeko, edota ikusentzuneko euskal sektorea “elikatu” beharra dagoela... Hortaz, ETBk baliabideak, langileak eta enpresak kontratatzen ditu kanpoan, etxekoei lanik planifikatzen ez dien bitartean.

Ondorioak:

  • ETBn ez dago langilerik soberan, etxeko lantaldearekin, emititzen dugun programazioaren parte bat bakarrik egiten baitugu.ETB ko zuzendaritzak programazioa betetzeko kanpoko baliabideak, pertsonala eta enpresak kontratatzen ditu, barneko baliabideak geldirik dauden bitartean.

  • Etxeko baliabideen kudeaketa arazo bat dago, behar baino gutxiago erabiltzen baitira.Horrenbestez, esan behar dugu zuzendaritza baliabideen kudeaketa txarra egiten ari dela, helburua ez bada produkzio gehiago kanporatzea. Eta horrela bada, kontuan hartu behar da kanporatzeak lan baldintzak okerrera egitea dakarrela.

  • Aitzakiak bilatzen dira zerbitzuak kanporatzeko, etxeko langileak garestiak garela eta malgutasunik ez dugula esanez. Eta horrela langileekin hartutako konpromisoak betetzea sahiestu nahi da.

ELA ren eskaerak:

  • Aztertutako datuak argi uzten dute zuzendaritzak planteatu duen langile murrizketak ez duela inongo justifikaziorik. Hortaz errefusatu egiten dugu guztiz, Zuzendaritzak langileen bosten bat kaleratzeko asmoa.

  • ETB en ez dago inor soberan Esijitzen dugu ahalik eta produkzio gehien betetzea etxeko langile eta baliabide teknikoekin, kudeaketa eraginkorra eginez eta kanpoan guk egin ezin duguna bakarrik kontratatuta.

  • Zuzendaritzak mahai gainean jartzen duen plantilla murrizteko asmo horren helburua ez da inondik inora ETB euskal gizarteak eskatzen duen kalitatezkoa,askea eta plurala den telebista publikoa.

  • Errrefusatu egiten dugu Zuzendaritzak lantaldearen bosten bat kentzeko ideia eta langile haien lana beste enpresa batzuen esku jartzea. Oso larria izango litzateke, Izan ere, horrelako operazioen ondorioa izan ohi da langileen egoera kaltetzea enpresa pribatuen negozioaren mesedetan.