Etxebarriko Ikastolako langile eta gurasoan elkarretaratu dira etorkizuna aldarrikatzeko

2014/03/18
Etxebarriko Ikastolako langile eta gurasoan elkarretaratu dira etorkizuna aldarrikatzeko
Langileak eta Etxebarriko ikastolako gurasoak hezkuntza-proiektua eskatu dute. Era berean lanpostuei eustea eta iazko abendutik jaso ez diren nominak ordaintzea exijitu dute gaur arratsaldeko elkarretaratzean.

Joan diren egunetan aditzera eman den bezala, Etxebarriko Ikastolako langileek hainbat bilera egin dute eraginpeko aldeekin; eta ikastola txiki horretako umeen gurasoekin izandako bileran guraso gehienek beren sostengua erakutsi diete langileei, eta gaurko elkarretaratzera joateko borondatea adierazi.

Langileok jakin ahal izan dutenez, ikastola daraman kooperatiba hartzekodunen aurre-konkurtso egoeran dago, zorrei aurre egin ezinik. Eta zor horien artean gure soldatak daude, hiru hileko zor diete, eta baita 2013ko abenduko aparteko ordainsaria ere.

Martxoaren 13an izandako bileran jakinarazi diete datorren ostiralean, martxoak 21, Bideragarritasun Plana aurkeztuko dietela. Plan hori Partaide Ikastolen Elkartean prestatu da, eta azken lan-erreformetan eskaintzen diren baliabideak erabiliz, neurri larriak hartuko dira langileen eskubideen aurka; esate baterako, hitzarmenaren mailatik beherako soldata-jaitsierak, malgutasun-neurriak, eta are kaleratzeak ere.

Bestalde, harremanak izango dituzte Etxebarriko Udalarekin, Hezkuntza Saileko Bizkaiko Ordezkaritzarekin, eta Partaide Ikastolen Elkartearekin, azken hori izan baita Etxebarriko Ikastolaren proiektua hastapenetatik finantzatu duena, harik eta 2013ko abenduan finantzabidea bertan behera uztea erabaki zuen arte.

Gaur egun Etxebarriko Ikastolak 34 ume hartzen ditu, eta irakaslana zazpi langileren kontura doa. Proiektu horri ekin genionean ilusio handiz, lan eskerga eginez eta denon konpromisoaz ekin genion, eta orain ezerezean galdu daiteke.

Irkasle eta gurasoen asmo eta eskaera bakarra zerikusia duten aldeen konpromisoa da, proiektua aurrera ateratzeko. "Gure ikastola bizirik nahi dugu, eta guk lanean jarraitu gura dugu, soldata baten truke, dagokigun bezala".