Europako Banku Zentralak bere politikari eutsiko dio, bankari lagunduz, herriei lagundu beharrean

2015/01/29
Europako Banku Zentralak bere politikari eutsiko dio, bankari lagunduz, herriei lagundu beharrean
Europako Banku Zentralak zor publikoa erosteko asmoa agertu du. Mikel Noval, ELAko azterketa bulegoko arduradunaren esanetan, krisitik modu zuzenago batez atera ahal izateko, ezinbestekoa da murrizketak alde batera uztea, eta politika publikoetan 180 graduko bira ematea: gastu soziala dezente igo, zerga-sistema bidegabea aldatu, eta ekonomiaren trantsizio sozial eta ekologikoa gidatu.

Europako Banku Zentralak zor publikoa erosteko asmoa du?

Bai. Hemendik aurrera Europako Banku Zentralak zor publikoa erosiko du, baina bakarrik gobernu zentralena edo Europako agentzia edo erakundeena (ez Eusko Jaurlaritza edo Nafarroako Gobernua bezalako erakundeena). Baina bada gauza bat azpimarratu beharrekoa: zor hori ez die zuzenean erosiko gobernuei, bankuei baizik. Hau da, bigarren eskuko erosketa izango da, ez du ekarriko gobernuek zor gehiago jaulkitzea.

Diru asko bideratuko dute erosketa horretara?

Egia esan, ez dakigu zenbat zor publiko erosiko den. EBZak esan du hilean 60.000 milioi euro bideratuko direla, baina ez soilik zor publikoa erosteko. Diru-kopuru horren barruan abian diren beste programa batzuen diru-sailak jasota daude, besteak beste zor pribatua bankari erostekoa. Beraz, ez dago jakiterik zenbat diru erabiliko den xede horretarako, eta ez da argitu zer preziotan erosiko den (adibidez, oraingo merkatu-prezioaren gainetik ordainduko ote da?).

Neurri horrek on egingo die gobernuei?

Ez. On egingo dio banka pribatuari. Zenbait estatuk beren zor publikoa ordaintzeko ahalmenik izango ez dutela gero eta nabarmenagoa denez; aukera honetaz baliatuko dira bankuak zor hori botere publikoei leporatzeko. Horrela, zor publikoaren ordainketa eza, kita edo birnegoziazioa gertatuz gero, galera gizarte osoaren kontura joango da, eragiketa hori dela-bide. Hori bera gertatu zen behin Latin Amerikan.

Banku pribatuek negozioa egin dute zor publikotik; eta orain, ordainketa ezaren arriskuaren aurrean, sektore publikoa dator, berehala, galerak bere gain hartzera.

Hala da, austeritate-politiken helburu nagusia zera izan da: banka sorostea. Ehun milaka milioi euroko zor pribatua zor publikora aldatu da. Horretan “erreskate” delakoek funtsezko eginkizuna jokatu dute. Egia esateko, erreskate horien jasotzailea banka izan da. Labur esanda, horrelako erreskateak gobernuei dirua mailegatzean dautza (Espainia edo Greziaren kasua), eta gero diru hori banka salbatzeko erabiltzen da, baina kostuak —interesak eta maileguaren tronkoa— gizarte osoaren kontura doaz. Inoiz ez dira opari bat izan.

Gainera, mailegu horiekin batera akordioak ezarri dira, eskubide sozio-laboralak murrizteko neurri gehiago hartzeko. Maileguak baldintzapean eman dira, hondamendi sozialera eramaten gaituzten neurriak hartzearen baldintzapean.

Ez die batere on egingo gobernuei edo jendeari?

Erabaki horrek gobernuei egin diezaiekeen onura bakarra, luze jota, zor publikoagatik ordaintzen dituzten interes-tasak zerbait jaistea da, baina hori ikusteko dago oraindik.

Baina esan digute hori onuragarria izango dela ekonomiarako.

EBZak urteak daramatza ekonomiaren egoera hobetu ez duten politikak aplikatuz: bankari kreditu merkeko diru-kopuru itzelak emanez, bankari emandako maileguen berme gisa kreditu-mota desberdinak onartuz, eta abar.

Politika horren ondorioz bankuak eroso bizi dira, eta harro agertu. Baina ekonomiaren egoera ez da hobetu Europako Batasunean: hazkunde ahula, langabezia-maila handia, deflazio-arrisku handia, eta desberdintasunak inoiz ez bezala ugaldu. Neurri berria beste pauso bat izan da norabide beretik. Lasaitasun handiagoa bankarentzat, baina ezer ez gehiago.

Esan dute, baita ere, kreditua borborka sortuko dela.

Baieztapen horren atzean propaganda asko dago. Baina Europako Banku Zentrala ez da ausartzen ezta hori esatera ere. Jakinarazpen ofizialean diote neurri hori inflazio-helburua betetzeko dela.

Kreditu gehiago egoteko erabakia bankuen esku dago; dena dela, kredituaren eskaria oso baldintzatuta dago, ekonomia errealaren moteltasunaren baldintzapean, hain zuzen. Inork ez du mailegurik eskatzen, eskaria berroneratu ezean; eta EBZak (Troikaren kidea, FMI eta Europako Batzordearekin batera) ekonomia hondoratu du, "egonkortasun"aren mantraren izenean. Horregatik, eta bankuek ezartzen dituzten interes-tasengatik (askotan lukurreriazkoak), ezin du inork ziurtatu kreditu gehiago egongo denik.

Edonola ere, kredituaren egoera normal bat ez da inoiz izango burbuila-urteetan izandakoa bezalakoa, oinarri finkorik gabe zorpetze-maila gainez eginda zegoen garaikoa bezalakoa.

Sortu diren itxaropenak okerrak dira?

Bada, sinestarazi nahi digute orain arteko politika berak aplikatuz gauzak hobera aldatuko direla. Baina hori ez da horrela izango. Baliteke nolabaiteko ekonomia-hazkundea gertatzea (zalantzazkoa, nolanahi ere), baina gure apustua ez da hazkundearen alde, aberastasuna banatzearen alde baizik, eta baita desberdintasuna oso nabarmen gutxitzearen alde ere. Eztabaidaren erdigunean biziaren eta lurraren zaintza kokatu nahi ditugu. Eta horrek doikuntza-politikak zeharo aldatzea eskatzen du.

Krisitik modu zuzenago batez atera ahal izateko, ezinbestekoa da murrizketak alde batera uztea, eta politika publikoetan 180 graduko bira ematea: gastu soziala dezente igo, zerga-sistema bidegabea aldatu, eta ekonomiaren trantsizio sozial eta ekologikoa gidatu.

Diru-politikak ez gaitu nahaste horretatik aterako. Eta are gutxiago, orain bezala, honelakoak esaten direnean: EBZak bankari Greziako zor publikoa erosteko, Greziak gehiago sakondu behar du baldintzetan (murrizketetan, alegia).

Europako Batasunaren oraingo proiektuak dituen helburuetako bat kapitalari hauspo ematea da, lanaren aurkako erasoan, enpresa handien etekinak ugaltze aldera. EBZak eta Batasuneko gobernuek krisia kudeatzeko eraman duten ibilbidea bat dator kapitalak mundu-mailan lanaren aurka darabilen erasoaldiarekin. Eta kudeaketa horren barruan itxaropenak manipulatzea sartzen da, eta baita gizartetik datorren kritika isilaraztea ere. Krisi hau kudeatzean erabili den manipulazioa hain izan da maila altukoa, ezen demokraziaren funtsa bera ere zalantzan jarri baita.

Ba al du horrek zerikusirik Grezian gertatutakoarekin?

Bai. Greziako hauteskundeetan gertaturikoa garrantzi handikoa da politiketan aldaketa erabatekoa eskatzen dugunontzat. Europan eta Euskal Herrian ohiturik gaude gobernuak aldatzen ikusten, agintarien txanda-pasa ikusten. Grezian, herriaren mobilizazioari esker Syriza gobernura iritsi da, politikak aldatzeko programa bat duela. Ez da gauza bera gobernua aldatzea eta politikak aldatzea. Inork ez du ukatuko zaila denik. EBean sare bat bilbatu da, gobernuekin adostasunez, gobernu-aldaketak eraginik gabekoak izateko; hau da, politika neoliberala aplikatzen jarraitzeko. Greziari xantaia gupidagabea egingo diote, asaldatze-kasuak zabaldu ez daitezen. Greziak ibili behar duen bidea ez da erraza izango, erakutsi beharko dio Europari bestelako politikak bideragarriak direla, eta hori ona dela jendearentzat.

Baina erakundeetara iristea pauso bat da. Nolanahi ere, interpelazio sozialari esparru bat gorde behar zaio, erakundeetara iristen denak bere programa erlatibizatu ez dezan. Hori gabe, aldaketa politikoa eta soziala Grezian, eta beste edonon, ezinezkoa izango da.