Europarentzat B plan bat inoiz baina beharrezkoagoa da

2016/02/20
Europarentzat B plan bat inoiz baina beharrezkoagoa da
B plan bat Europarentzat ekimenak jardunaldi batzuk antolatu ditu otsailaren 19tik 21era bitartean Madrilen. ELA ere parte hartzen ari da jardunaldi hauetan; helburua Europa mailako austeritatearen kontrako eta benetako demokrazia baten aldeko elkargune bat eraikitzea da.

Hain zuzen, Mikel Novalek –politika sozialen arduraduna– eta Janire Landaluzek –azterketa bulegoko kidea– parte hartu dute gaur egin den 'Eskubide sozialak eta laboralak' foroan. Novalek eta Landaluzek interbentzio bat izan dute 'Eskubide sozialen eta laboralen aldeko borroka: molde tradizionalak eta gatazka praktika berriak' izeneko tailerrean. Gainera, beste hainbat tailer eta lan-taldetan ere parte hartzen ari dira.

Mikel Novalen ustez inoiz baina beharrezkoagoa da B plan bat Europarentzat. “Nahitaezkoa da politikak benetan alda daitezen aliantza sozial eta sindikal bat artikulatzea, botere ekonomiko eta partidu politikoenetik independentea. Diagnostiko eta ekimen propioa garatzeko gaitasuna duen gizarte mugimendua beharrezkoa da. Eta hori egingarria da Euskal Herrian, Grezian nahiz Europa osoan”.

ELAko politika sozialen arduradunak argi du politika era sakonean aldatzeko ezinbestekoa dela botere ekonomiko, finantzario eta mediatikoei aurre egitea. “Politikak aldatzeko ez da nahikoa gobernuak hori nahi izatea. Aldaketaren gobernuek presioak eta xantaiak sufritzen dituzte. Gizartearen presioa eta mobilizazioa nahitaezkoak dira, instituzioetatik at, kaletik, jendeak, herriak, eskatu dezan”.

B plan bat Europarentzat ekimenaren inguruko informazio gehiago web orrialde honetan: www.planbeuropa.es

IRAKURRI ELA-ren PARTE HARTZEA