Euskal sozietate publikoetako 1.600 langileri baino gehiagori berrezarri diete legez kontra murrizturiko %5a

2016/12/05
Euskal sozietate publikoetako 1.600 langileri baino gehiagori berrezarri diete legez kontra murrizturiko %5a
Badira 14 elak irabazitako epaiak, sozietate publikoetako langileen %5eko legez kontrako murrizketaren erreklamazioetan.ELAk prozedura juridikoak abiarazi zituen murrizketaren eraginpeko enpresa publiko guztietan, soldatak lehengoratzeko eskatuz.

2010. urtean Patxi Lopezen gobernuak %5eko murrizketa egin zien euskal sektore publikoko langile guztiei. EAEko herri-langileek mobilizazioekin eta egun bateko grebarekin erantzun zioten Eusko Jaurlaritzaren murrizketa hari.

Ia 6 urteko gatazkaren ostean, 2015eko uztailaren 31n, Konstituzio Auzitegiak konstituzio-aurkakotzat jo du EAEko enpresa publikoetako langileei egindako %5eko murrizketa (Auzitegi Gorenak, ETBren auzian, aurkezturiko konstituzioaurkakotasun-arazoaren ondorioz). Konstituzio Auzitegiaren ebazpenaren arabera, estatu-arauan (8/2010 ELD) langile-kidego hori murrizketatik kanpo utzi bazen ere, Patxi Lopezen gobernuak bere kabuz egin zuen murrizketa, estatu-legeria urratuz. Konstituzio Auzitegiaren epaiaren ondotik, Auzitegi Gorenak ETB kondenatu zuen 2010. urtetik langileei kendutako guztia itzultzera, eta soldata %5 murriztu gabe ordaintzera.

Konstituzio Auzitegiaren epaia eta guzti, Urkulluren gobernuak sozietate publikoetako langileei soldataren %5 murrizten jarraitu zuen. Hori dela-eta, sozietate publikoetako langileek auzitara jo behar izan zuten berriro, lansarietatik kendutako diru-kopuruak berreskuratzearren.

Hortaz, ELAk prozedura juridikoak abiarazi zituen murrizketaren eraginpeko enpresa publiko guztietan, soldatak lehengoratzeko eskatuz.

Gaur arte 14 epai irabazi ditugu (ETBkoa ere barne). Horietan guztietan %5eko murrizketaren konstituzioaurkakotasuna deklaratu da, eta enpresak kondenatu dira lansariak murrizketarik gabe ordaintzera. Prozedura horien eraginpean, ETB ez ezik, EAEko 13 sozietate publiko gehiago daude (Eusko Irratia, EJIE, NEIKER, VISESA, OSATEK, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa...), guztira, 1.600 langileri baino gehiagori lehengoratuko zaizkielarik lansariak.

Epai horietako batzuk lan-arloko epaitegi desberdinetan eman dira, eta oraindik irmoak ez badira ere, errekurtso horiek ebazteko ardura duena EAEko Auzitegi Nagusia da, eta horren inguruko bere irizpidea emana du zenbait epaitan (Eusko Irratia, Neiker, Osatek, Visesa), eta guztietan sozietate publikoetako langileei lansariak lehengoratzeko eginbeharraren alde agertu da.

Enpresa publiko bakoitzeko lansariak lehengoratzeko prozedurez gain, ELAtik berariazko prozedura bat abiarazi genuen 2010 eta 2015 urte bitartean 370 euskal langileri baino gehiagori soldatetatik eta legez kontra kendutako diru-kopuruak erreklamatzeko kalte-ordain gisa . Oraindik ez dugu erantzunik jaso Eusko Jaurlaritzatik.

ELAtik Eusko Jaurlaritza premiatzen dugu legea jakinaren gainean eta nahita ez-betetzeari uztera, EAEko sozietate publikoetako langileen soldatak lehengoratzera, eta milaka herri-langileri eragindako kalteak konpontzera.