Eusko jaurlaritzak aurrezki fiskala lehenetsi du, aurreikuspen sozial osagarriaren gainetik

2014/11/05
Ekarpenak 10 urte igarota berreskuratzeko aukera bermatzea beste kezkarik ez du Eusko Jaurlaritzak.

Duela zenbait urtetik hona Eusko Jaurlaritzak banakako Gizarte-Aurreikuspen Erakundeen aldeko apustua egin du, enpleguko BGAEen kalterako (Elkarkidetza, Itzarri eta Geroa, etab.); hots, finantza-erakundeek bultzatako BGAEei lehentasuna ematen die, finantza-botereen esku daudenen negozioa hobesteko. Pentsio publikoen funts osagarri bat sortzea duten erakundeen kasuan bizi arteko errenta kobratzen da, eta negoziazio kolektiboarekin lotuta daude. Aldiz, Jaurlaritzaren kezka bakarra da ekarpenak egiten hasi eta 10 urtera berreskuratzeko aukera izatea. Gizarte-aurreikuspenaren ordez Jaurlaritzak beste zerbait aldezten du, zergak arintzeko tresna bat, errenta altuen mesederako.

EAE mailan BGAEen egoera juridiko-normatiboa aidean dago, hainbat arrazoiren ondorioz: batetik, uztailean Auzitegi Konstituzionalak 2014ko uztailean eman zuen epaia; honek ebatzi zuen aurreko legealdian onartutako BGAEen Legeko hainbat artikulu legez kanpoko zirela. Bestetik, lege horrek oraindik araudirik ez du.

Epaia ezagutu zuenean Eusko Jaurlaritzak zalapartaka salatu zuen, 10 urtera berreskuratzeko aukera ezeztatzen zuelako; ebazpen berak eragindako beste artikuluez ez zuen txintik esan. Hain zuzen, azken hiletan Rajoyren gobernuak ahalbidetu du 10 urte igarota egindako ekarpenak berreskuratzea; honetarako legegaiak parlamentutik pasa behar du. Onartuz gero 2015eko urtarrilaren 1ean sartuko litzateke indarrean, eta ekarpenak 2025etik aurrera berreskuratzeko aukera legoke. Beraz, badirudi arazo hori konponduta besterik ez dagoela.

ELAk Jaurlaritzaren jarrera salatu du, eta EAEko BGAEen egoera konpontzeko irtenbideak jar ditzala eskatu du, Konstituzionalaren epaiak eragindako arazoak eta euekal legearen araudi eza direla eta. Premiazko gaiak dira honakoak:

  • Aurreko legealdian onartutako legea zein egoeratan geratzen den kontutan izanik, BGAEentzako zein araudi izango den.

  • Araudi hori erabakigarria izango da, esaterako, berebiziko garrantzia duen hainbat kontu finkatzeko: inbertitzeko printzipioak, kaudimen marjinak, pentsioen zenbatekoa kalkulatzeko interes teknikoa, etab.

Halaber, Jaurlaritzari eta Foru Aldundiei honako eskariak egiten dizkiegu:

  • enpleguko erakundeei lehentasuna eman diezaiela, finantza-erakundeen banakako planen aldean.

  • BGAEen gobernu-organoetan arau demokratikoak berrezartzea.

  • Lagun dezala pentsio publikoen osagarri izango diren prestazioetan aurrera egiten; ez dira aurrezki fiskala beste xederik ez duten pentsio-planak hobetsi behar.

  • Halaber, ELAk eskatzen du arau berrietan inola ere ez ematea tratu fiskal hobea BGAEei (pentsio publikoekiko); kenketa egiteko moduko ekarpenak asko mugatu behar dira, maximoak Europako batezbesteko mailara parekatzeko. Gai hau foru-arauen eremuan kokatzen da.

Halaber, ELAk Jaurlaritzari galdegiten dio egunera ditzala ITZARRI Jaurlaritzaren menpeko langileen BGAErako ekarpenak, 2012tik hona etenda daudenak. Ezin da onartu Jaurlaritza izatea dagozkion ekarpenak egiten ez dituen EAEko administrazio bakarra (izan ere, Aldundiek eta Udalek egin baitute).