Krisia hasi aurretik baino 150.000 lanpostu gutxiago daude Hego Euskal Herrian

2016/03/17
Adolfo Muñoz "Txiki", ELAko idazkari nagusia eta Mikel Noval, arlo sozialeko arduraduna Gasteizen izan dira gaur goizean enpleguaren eta lan baldintzei buruzko txostena azaltzeko. Novalen hitzetan, "Eusko Jaurlaritzaren, patronalen eta kooperatiben erabakia prekarietatea hedatzea da". Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak mobilizazioaren beharra aldarrikatu du Arcelor Mittal Zumarraga eta antzeko egoeran dauden enpresen itxierari aurre egiteko.

2015ean Hego Euskal Herrian egindako kontratu ia guztiak behin-behinekoak izan ziren eta ia erdia partzialak. Horregatik, pertsona berak kontratu ugari sinatu zitzakeen 2015ean (partzialak, behin-behinekoak edota bien arteko konbinaketa). Honekin guztiarekin, egindako kontratuen informazioa oso larria da, prekarietate maila oso altua erakusten baitu; eta prekarietate maila altu honek are handiago egingo ditu jada altuak diren kontratu partzial eta behin-behinekoekin lanean ari diren langileen ehunekoak.

Bestalde, Muñozek zalantzan jarri ditu enpresako zuzendaritzak Arcelor Zumarraga eta ACB ixteko eman dituen argudioak: "Ez da egia arrazoia Txinako produktuen dumpinga edo energiaren prezioa denik: Arcelorrek Txinan lantegiak ditu, eta argindar-tarifa ez da beste herrialde batzuetakoa baino altuagoa".

ELAko idazkari nagusiak nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzak ez du euskal industria defenditzen, eta exekutiboari kargu hartu dio enpresak Arcelor Mittal Zumarraga eta ACB ixteko azaldutako argudioak bere egin dituelako.