Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek 2015ean murrizte politikari eustea erabaki dute
Jaurlaritzak eta EAEko hiru Aldundiek osatutako Finantzen Euskal Kontseiluak aste honetan erabaki ditu 2014 eta 2015erako diru-bilketari buruzko aurreikuspenak
2014an bilduko den diruaren aurreikuspenei buruz ELAk esan behar du aurten gertatuko den igoera (650 milioi euro) batez ere BEZari dagokiola (540 milioi), Rajoyren gobernuak erabakitako igoeraren ondorioz. Aurten sozietateen zerga bidez 2013an baino 140 milioi euro gutxiago bilduko da, eta PFEZari esker iaz baino 220 milioi gehiago izango dira. Honek esan nahi du, ELAk iaz salatu zuen moduan, EAEn ezarri diren zerga-erreformek ez dutela, inondik ere, eskaini beharreko politika sozialak finantzatzeko adina diru-sarrera ematen.
2015eko diru-bilketari buruzko aurreikuspenekin, berriz, ELAk salatu du aurrekontu-murrizketak aplikatzera behartuko dituztela administrazioak. Halaber, prebisio horiekin bestelako zerga-politika bat egitea erabat baztertzen da, zeinekin iruzurrari jazarri eta errenta altu eta kapitalen gaineko presio fiskala areagotuko litzatekeen. Zerga-politika hau aplikatuko balitz diru bilketa asko hobetuko litzateke, eta baliabide gehiago bideratu ahal izango litzateke osasungintza, hezkuntza, prestazio sozial, etxebizitza, zerbitzu sozial eta abarretara.
Datorren urtean iaz baino 680 milioi gehiago (horietako 300 BEZari dagozkio) bilduko dela esateak esan nahi du Jaurlaritzak 2015ean aurten baino 454 milioi euro gehiago jasoko dituela. Halere, Urkulluk Rajoyrekin hitzartu zuen datorren urtean defizit publikoa %1,7etik %0,7ra jaitsiko zuela, hots, gasturako 200 milioi gutxiago izango dira. Bestalde, Jaurlaritzaren zor publikoaren ordaina gehitu egingo da, aurtengo 800 milioi eurotik 2015eko 1.000tik gora milioira. Horrenbestez, Jaurlaritzaren 2015eko gastua zor publikoa ez beste partidetan 54 milioi euro besterik ez da haziko; honen ondorio ziurra da murrizte sozialen politikarekin jarraituko dela. Hori erabaki dute Foru Aldundiek eta Jaurlaritzak Finantzen Euskal Kontseiluan.
Horregatik, ELAk Aldundiei eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen die errotik alda ditzatela zerga- eta aurrekontu-politika, langabezia, txirotasuna eta desberdintasun sozialak areagotzearen ondorioz sortu den egoerari aurre egiteko. Haatik, hartutako erabakiak kontrako noranzkoan doaz. Finantzen Kontseiluaren bilera amaituta agintariek eman duten irudia da indarrean diren politikarekin erabat ados daudela, honek ondorio ezin larriagoak dituen arren.