Eusko Jaurlaritzak langileen antolakuntza kolektiboaren aurka egin nahi du murrizketa berriak inposatuz
Hezkuntza Sailak, zerbitzu publikoetan murrizketa berriak inposatzen zituen 2012ko Rajoyren dekretua oinarri hartuta, langileen eskubideak eta interesak defenditu eta erasoen aurka antolatu eta aurre egiteko baliabideak murriztu nahi ditu. Eta horretarako prest agertu da 2007ko hauteskunde sindikaletan Jaurlaritzak eta sindikatuek adosturiko akordioa bera ere urratzeko. Akordio hartan, 2003 eta 2007 arteko hauteskunde sindikaletan irakaskuntza publikoko kolektibo ezberdinak batzearen ondorioz ematen zen ordezkari galera orekatzeko, galdutako ordezkariei zegozkien ordu sindikalak gehigarri moduan metatzea erabaki zen.
Orain ordea, krisia eta arlo ezberdinetan inposatzen ari diren murrizketak koartada moduan hartuz, gobernuen erabakien aurka langileen eskubide eta interesak defenditzen ditugun erakundeen aurka jo nahi dute. Eusko Jaurlaritzak, Esperanza Aguirrek egiten duenaren pare, langileok gure eskubideak defenditzeko ditugun antolakuntza kolektiborako tresna eta baliabideak kendu nahi dizkigu. Langileen eta jendartearen aurka hartzen ari diren erabakiek ez dute erantzun sozialik izatea nahi. Horregatik, beraiek inposatzen dituzten erabakiak salatu eta aurre egiteko langileak antolatzen saiatzen garen sindikatu eta erakundeak indagabetu eta isil arazi nahi gaituzte. Borondate horren ondorio da, zalantzarik gabe, eraso berri hau.
ELAk, langileen aurkako aurreko murrizketa guztiekin egin duen moduan, erabaki honi bere eskura dituen tresna guztiekin egingo dio aurre. Sindikatuak Eusko Jaurlaritzaren eraso eta murrizketa guztiak salatzen jarraituko du, egoerari aurre egin eta politikak aldatzera behartzeko langileak antolatzen.