Eusko Jaurlaritzak Madrilek ezarritako gidoia jarraitzen du eta soldatak izoztu ditu

2014/10/01
Madriletik datorren soldata izozketa eta lanpostu suntsiketa onartuko duela esan ondoren, Gobernuak agerian utzi du ez duela borondaterik autogobernua, zerbitzu publikoak eta lan-baldintzak defenditzeko.

Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen adierazpenen ostean -euskal herri-administrazioko langileentzako soldata izoztea iragarri du-, ELAk esan beharra dauka erabat aurkako jarrera duela, beste behin nabarmen geratu da EAEko gobernuak ez duela autogobernua eta zerbitzu publikoak defenditzeko borondaterik. Izatez onartu egiten da Madrilen ordezkaritza huts izatea, eta handik datorrena otzan aplikatzen dute. Honek, azkenean, esan nahi du Jaurlaritza bat datorrela estatu mailan agindutako murrizte politikekin.

ELAren ustez eztabaida ez da juridikoa, borondate politiko kontua baizik. Murrizteko politikak onartu ala aurre egin, ez dago erdibiderik. Urkulluren gobernuak hartu duen jarrera oso argia da, eta bat datozte enplegua suntsitzeko eta zerbitzu publikoei erasotzeko politikei dagokienez. Madrildik etorritako murrizketa guztiak onartu ez ezik, beste neurri batzuk ere erabaki dituzte, besteak beste ihardunaldi igoera, IT kasuetan murrizketak, Itzarri ez ordaintzea, erabaki guzti hauek, milaka lanpostuen suntsiketa ekarri dute.

ELAk gogoratu nahi du, Andres Zearretak funtzio publikoko kontseilari ordeak adierazi zuela sindikatuarekin irailean izandako bileran batean 2015rako gobernuaren asmoa zela lehenengo kapitulua izoztua mantentzea.

Azpimarratu behar da, Gobernuak bueltatuko duen aparteko ordaisariaren %25ak ordainsari horren sortzapen egunekin bat egiten duela, eta erreklamazio hori hainbat eta hainbat epaitegitan irabazten ari dela.

Azkenik, ELAk eutsi egingo dio zerbitzu publikoetako mobilizazioari, politika hauek errotik aldarazteko eta enplegu zein lan-baldintzak defenditzeko