Eusko Jaurlaritzak murrizketak egiten jarraituko du

2016/10/19
Eusko Jaurlaritzak murrizketak egiten jarraituko du
Joan den urriaren 14an Finantzen Euskal Kontseilua bildu zen. Bileraren ondoren diru-bilketa estimatutakoa baino txikiagoa dela argi geratu zen; ogasunek aurreikusi zutena baino 473 milioi euro gutxiago bilduko dute. ELAren iritziz argi dago Eusko Jaurlaritzak murrizketak egingo dituela etorkizunean ere.

Joan den urriaren 14an Finantzen Euskal Kontseilua bildu zen. Bi eginkizun zituen: lehena, EAEko administrazioek (Jaurlaritza, Aldundiak eta Udalak) aurten izango dituzten diru-sarrerak eguneratzea. Bada, eguneratzeak dioenez ogasunek aurreikusi zutena baino 473 milioi euro gutxiago bilduko dute. Baina hau ikusteko dago, izan ere, duela urtebete egin zuten aurreikuspena baino 200 milioi gutxiago bildu baitzen urte amaieran.

473 milioi diru asko da. Horrekin ia-ia Diru-sarrerak bermatzeko Errenta (DBE), Gizarte-Larrialdietarako Laguntzak (GLL) eta Etxebizitzako Prestazio Osagarria (EPO) guztia ordaintzea posible litzateke. Halere, berehala hasi dira hitzak manipulatzen. Horretarako, hiru Diputatu nagusiek eta Ogasun sailburuak, behin eta berriz esaten dute ez dela murrizketarik izango, eta EITBk estrategia honetan laguntza ematen die. Oraingoan ere agerian geratu da lasai asko itxuraldatzen dutela errealitatea.

Jaurlaritzak, Aldundiek eta Udalek 2016ko aurrekontuak egin zituztenean ez zeukaten dirua ere aurreikusi zuten. Beraz, nola liteke murrizketarik egin behar ez izatea?

Baieztapen hau justifikatzeko Ogasun sailburuak zeharkako irtenbide bati heldu dio: Antza, Rajoyk autonomi-erkidegoei aurrez espero zena baino defizit handiagoa metatzeko aukera emango die. Kasu hoberenean, beraz, Jaurlaritzak (ez gainerako erakundeek) zor handiagoa hartzeko aukera luke, 271 milioi gehiago. Baina honek azalpenen bat eskatzen du, eurek ez baitute ematen:

  • Lehenik, 271 eta 473 milioien arteko aldea 202 milioi dira. Zenbateko hau (gutxienik 202 milioi) onartutako aurrekontutik kendu beharrekoa izango da (60 milioi Eusko Jaurlaritzaren kasuan). Baina trikimailu bat asmatu dute hori egiteko: “murrizketa” hitza erabili ordez “onartutako gastua ez exekutatzea” esango dute. Beste era batera ere esateko modua badago: Murrizketa “jatorrak”.

  • Bigarrenik, gure agintariek maite dute gobernua familiekin parekatzea. Bada, aurten etxean lanari esker 271 milioi irabazi ordez banku batekin zorpetu beharra badaukat, arazo bat izango dut: diru hori, gehi interesak, etorkizunean itzuli beharko dut. Gero gerokoak… Murrizketak, 271 milioiko zuloa (gehi interesak) orekatzeko.

Behin argi geratu delarik murrizketak izango direla (2016an eta gero), aipagarria da Kontseiluak eman duen beste albistea: 2017ko diru-bilketaren aurreikuspena. 13.498 milioi euro biltzea espero dute. Duela urtebete aurten bilduko zela esan zuten kopuru bera. Horrek zer esan nahi du?

2017ko aurrekontuak egiteko oinarria diru-bilketari buruzko estimazio hori izango da. Horrenbestez, datorren urteko aurrekontuak ezin dira 2016rako erabaki zirenak baino handiagoak izan. Kontutan izanik zor handiagoa ordaindu beharko dela, emaitza izango da datorren urteko aurrekontuetan gizarte-gastua moztu egingo dela 2016koaren aldean.

Azkenik, gai honi buruz bi iruzkin egin nahiko genituzke:

  • Finantzen Euskal Kontseiluko kideek baztertu egin dute diru-bilketa handitzea iruzur fiskalaren jazarpena eginez edota zergak aberats, enpresa eta kapitalei gehituaz. Diru-bilketa estimatutakoa baino txikiagoa da. Hau ikusirik, helburua benetan balitz kalitatezko zerbitzu publikoak edota gizarte-prestazio egokiak izatea, ahalegin guztiak egin beharko lituzkete diru-bilketa hobetze aldera. Euren esku dago, baina ez dute nahi. Beren lagunek, errenta altuak dituztenek eta enpresarioek, ez dute zerga gehiago ordaindu nahi. Honek adierazten du bat datozela egungo zerga-politikari buruz (europar batez besteko mailara iristeko ia 6.000 milioi euro gehiago bildu beharko litzateke), horren ondorioa izan arren osasun edota hezkuntza gastua Europako urrienetakoa dela.

  • Aurtengoan ere eztabaida politikotik at geratu da 2017ko aurrekontuak ia itxita daudela. Barregarria da hau gertatu den egun berean entzutea oposizioko alderdiek aurrekontuen inguruko tratuak eskaini dituztela. Nola adosten da dagoeneko erabakita dagoen zerbait? Aurrez ontzat emanda; ez dago beste aukerarik. Finantzen Euskal Kontseiluko jendea gustora dago; oposizioak adostasuna nahi duela errepikatzen badu, ez dio zertan beldurrik izan.

EAEKO DIRU-BILKETA AURREIKUSPENAK. 2016-2017. MILIOI EURO

2016 (OTSAILA)

2016 (URRIA)

2017 (2016 URRIA)

13.498

13.025 (-473 milioi)

13.498

 

PRESIO FISKALA. EAE-EUROPAR BATASUNA (% BPG). ALDEA MILIOI EUROTAN

 

EAE

EUROPAR BATASUNA

ALDEA (% BPG)

ALDEA (MILIOI EURO)

%31,2

%40,1

8,9 PUNTU

5.900