Eusko Jaurlaritzak suhiltzaileen legea erretiratu du

2016/05/03
Eusko Jaurlaritzak suhiltzaileen legea erretiratu du
ELAk positibotzat jotzen Lege hau erretiratzea. Langileen mobilizazioaren fruitua da. Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu, langileekin negoziatua eta benetan suhiltzaile zerbitzua bere osotasunean publikoa eta lan baldintza duinetan egongo diren langilez osatutakoa izango dela bermatuko duen Lege baten tramitazioarekin hasi daitezela.

Urte bete baino gehiago pasatu da Eusko Jaurlaritzak Suteen prebentzio eta itzaltze eta salbamendurako Lege proiektua aurkeztu zuenetik. Hasieratik, ELAtik salatu dugu Lege hau ez dela langileokin ezta sindikatuokin negoziatua izan inongo momentuan. Lege honek ez du egunerokoan zerbitzuko langileek dauzkaten arazoei irtenbidea emateko balio eta gainera, Lege honek, zerbitzua indartu beharrean ahuldu egiten du. Zerbitzuaren pribatizazioari ez dizkio ateak ixten eta zerbitzua bera eta langileen lan baldintzak argi eta garbi prekarizatzen dituen figura berriak sortzen ditu.

Guzti honegatik, ELAk, beste sindikatu batzuekin eta langileekin batera, hainbat kontzentrazio, manifestazio, legebiltzarrean konparezentziak, sinadura bilketak, etab egin ditu.

Bildu, PSE eta PPko talde parlamentarioek, osoko zuzenketak aurkeztu zituzten Eusko Legebiltzarrean orain dela 15 egun, oposizio osoa Lege honen aurka dagoela argi utziz.

Ez langileen, ezta talde parlamentarioen babesik Gabe, Gaur, Eusko Jaurlaritzak, bakarrik zegoela ikusita, Suhiltzaileen Legea erretiratu du. Langileen mobilizazioa erabaki honetan klabea izan da.

ELAtik, suhiltzaile guztiak zoriondu nahi ditugu mobilizazioetan izandako inplikazioagatik eta izandako partehartzeagatik. Baita eskerrak eman nahi dizkiegu, sinaduraren bitartez (42.000 baino gehiago) edo manifestazioetan parte hartu duten milaka eta milaka euskal herritarrei. Argi geratu da, mobilizazioaren bidez, helburuak lor daitezkeela.

Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu Suteen Prebentzio eta Itzaltze eta Salbamendurako Lege berri baten tramitazioarekin hasi daitezela, langileokin eta ordezkatzen ditugun Sindikatuokin negoziatutako Lege baten tramitazioarekin.

ELAn, apustu garbia daukagu eta Aurrera egingo dugu: Benetan suhiltzaile zerbitzua, herritarron oinarrizko eskubidea da eta zerbitzua benetan indartuko duen Lege baten alde borrokan jarraituko dugu. Zerbitzu publiko indartsu baten alde, 24 ordutan eta lan baldintza duinetan egongo diren langile profesionalekin osatua.