Eusko Jaurlaritzak uko egin dio eskola segregazioari aurre egiteari
Eusko Jaurlaritzak ustez segregazioari aurre egiteko “Eskola Bikaina Denontzat” eztabaida dinamika bukatutzat eman du. Irailean martxan jarri zuenetik prozesu honek parte-hartzaileak galdu ditu. ELAk hasieratik egin zion uko mahai horretan parte-hartzeari, gerora LABek, eskola publikoko gurasoen elkarteak (EHIGEk) eta Ikastolen Elkarteak ere parte hartzeari utzi diote.
Eskola segregazioa eragiten duten faktore nagusiak pobreziaren lurralde banaketa desorekatua eta hiru saretan eta hiru hizkuntz eredutan banatzen den hezkuntza sistema dira. Eusko Jaurlaritzaren proposamenek ez dute inongo aldaketarik aurreikusten hiru arrazoi nagusi horietan.
Hezkuntza Sailak publiko egindako proposamenak ez du inongo zehaztasunik jasotzen, soilik helburu orokor batzuk azaltzen dira. Bi besterik ez dira zehaztasuna dakarten proposamenak: Eskolen doakotasuna arautuko duen dekretu baten lanketa eta “eskola motxila” deitu dutenearen garapena. Bada, Hezkuntza Sailak ez du zehaztu eskolen doakotasuna bermatzeko zein mekanismo ezarriko duen eta hamarkadak daramatza legez ezarritako doakotasunari uko egiten eta eskoletan legez kanpoko kuoten ordainketak ontzat ematen.
Gainera, ikasleen esperientzia pedagogikoan sakondu beharrean, eskolei burokrazia elementu berriak ezartzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, eskoletara heldu-berri diren ikasleen Jarduera Plan Pertsonalizatuen diseinua bezala. Ondoren ez da inongo baliabiderik aurreikusi plan horiei aurre egiteko.
ELAren iritziz bereziki larria da hurrengo elementuak aipatu ere ez egitea:
• Eskola segregazioari aurre egiteko baliabideak eta beharrezko aurrekontua, bereziki konplexutasun handiko eskolei bideratu beharrekoak.
• Ikasle guztien hizkuntz gaitatzea lortzeko euskarazko murgiltze ereduaren hedapena.
• Ikasle zaurgarriek behar dituzten laguntza-profesionalen esleipena, esaterako euskara ikasi ahal izateko.
• Herri gisa kohesioa lortzeko curriculum propioaren garapena eta Euskal Herriaren erreferentzialatasun kurrikularra.
• Edota, eskola segregazioak suposatzen duen erronkari aurre egiteko hezkuntzako langileek izan behar dituzten lan-baldintzak.
ELAren iritziz eskoletako segregazioarekin amaitzeko aldaketa sistemikoak ezinbestekoak izango da. Pobreziarekin amaitu beharra dago eta aberastasunaren banaketa behar da EAEko herritarren eta lurraldeen artean. Horretaz gain, hezkuntza sistema ere irauli beharra dago, ez soilik ikasle tipologia guztien banaketa orekatu bat izan dadin, hezkuntza sistemak jatorrizko gizarteko desorekak orekatzeko funtzioa izan dezan eta Euskal Herri kohesionatu bat lor dezagun baizik. Horretarako 2023ko Hezkuntza Legea goitik behera aldatu beharra dago, erabat publikoa izango den hezkuntza sistema propio baterako trantsizioa gidatzeko, euskarazko murgiltze eredua hedatzeko, Euskal Herria erdigunean izango duen kurrikulum burujabea eraikitzeko, eskolen autonomia handitzeko eta hezkuntza sistemak kalitatezko zerbitzua eskaintzeko inbertsio publikoa BPGaren %6ra handitzeko.
Azkenik, gizarte kohesioa posible egiteko hezkuntzako langileen lan baldintzak berrikusi egin behar dira, langileak kontratzeko, egonkortzeko, burokrazia lanak kentzeko eta irakasle motibatuenak eskola konplexuenetan egonkorki egon daitezen (eta horretarako eskola horietako lan baldintzak bereziki hobetu behar dira).
ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak gidatutako eztabaida prozesua porrota izan da. Horregatik, ELAk hezkuntza komunitateko beste eragileei elkarlanerako eta mobilizaziorako deia egiten die, bi oinarri hartuta: Eskola segregazioari aurre egiteko 2023ko Hezkuntza Legea errotik aldatu beharra dago eta 2025eko lan baldintzei buruzko akordioa ezin da oinarri izan.